Lur azpian sustraia lo dago. Haziaren antzinako taupada gordetzen du, euriaren ahotsa, jatorriaren dardara. Zuhaitza zerura begira dagoen bitartean, berak memoriari eusten dio…
Dantza pauso-segida bat baino harago doa. Dantza herri oso baten taupada da. Ez da eszenatokietan jaiotzen, ez eta neurtutako koreografietan ere; plazetan baizik, bideetan, musika irribarreekin nahasten den tokietan. Dantza, ondoan zurekin ari den horretan zure isla ikustea da: pauso berdinean, bira pausatuan, belaunaldiz belaunaldi hitzik gabe jaso dugun keinuan.
Dantza bakoitzak, lehen izan zirenen memoria gordetzen du: uztak ospatzen zituztenena, euria eskatzen zutenena, txalapartaren konpasean ezinezko maitasunak amesten zituztenenak. Pauso bakoitzean bertako historia bizi da, herri honen paisaia, gure ama-lurraren hizkuntza. Horregatik, txistua eta atabala entzutean, ez da musika soila: aitona-amonen oihartzuna da, haurtzaroa plazan jolasean, esnatzen den herri baten arima.
Dantzak denborak banatzen duen hori elkartzen du. Belaunaldi desberdinak batzen ditu, isiluneak sendatzen ditu, izaerak indartzen ditu. Gorputza hitza bihurtzen da, jendartea besarkada. Oinek, dantzan ez dakitenek ere ulertzen duten erritmo bat jarraitzen dute. Dantza ez bait da ikasten, oroitu egiten da.
Eta arratsean, herria festara batzen da sakratua den zerbait piztuz. Argiak itzali, lehen akordeak eta horra, airea bizitzaz betetzen da. Gorputzak biraka hasten dira, oinak lurraren kontra, denbora eten egiten da. Une horretan herria taupada bakarra bihurtzen da. Bizirik dirautela aldarrikatzen ari dira. Dantzak dirauen heinean, herriak, bere arimak, memoriak eta itxaropenak dantzan jarraituko du sustraiak eutsita.