Continue Reading" />

Paperezko hegazkinak

Etiketarik gabe Permalink 0

Lagun ezezagun hori…

Ez digute gutunik idazten uzten, horregatik paperezko hegazkinak. Agian inork irakurriko ez dituen paper hegalariak. Gaur osteguna da. Hori esan dit amak behintzat. Dena den, niretzat hemen barruan egun guztiak berdinak dira. Ez da eskola egunik, ez da jaiegunik. Batzuetan gaua edo eguna den jakitea ere zaila izaten da. Hori bai, hotza egiten badu hotz handia egiten du, eta beroa bada, ia ia urtu egiten gara.

Ez dakit zenbat denbora eramaten dugun hemen barruan… baina amak esaten du gutxi barru irtengo garela. Amak esaten du ere, datorren astean aita ikusiko dugula. Lehengoan ere esan zidan, zaindariek esan ziotela, jostailuak ekarriko dizkigutela… baloiak, liburuak, bizikleta bat ere ekartzekoak omen dira… baina aspaldi da amak horrelako gezurtxoak esaten dizkidala, ni bere aurrean poztu egiten naiz, baina badakit ni alaitzeko esaten dituela. Hemen barruan dena aldrebes da. Amak gezurrak esaten ditu ni alaitzeko eta nik sinistu gabe ere poztu egiten naiz bera pozik ikusteko. Une batez bada ere.

Hemen barruan Migeltxo da nire lagunik handiena. Bere da familiako txikiena eta aspaldi da bere bi arreba nagusiak ikusten ez dituela. Tarteka elkarren ondoan egiten dugu lo. Horrelakoetan, ziegako leiho txikien zirrikitutik ikusten den zeru txiki horri begira jartzen gara eta istorioak asmatzen ditugu. Batzuetan tokatu zaigu izar iheskorren bat ikustea eta horrelakoetan gurari bat eskatzen dugu. Beti gurari berdina. Amets gaizto hau behingoz amaitzea. Baina ez da amaitzen. Ez da gure guraria betetzen. Agian entzun behar duenak ez du entzuten. Kartzela honetako hormak hain dira lodiak. Askatasuna hain dago urruti…

Sirenek eta giltzarrapo hotsek eguna argitu dela abisatzen dute. Gosaltzera noa. Ogi koxkorren bat eta esne pixka bat. Eta pozik dagoenean. Ez didazu sinistuko, baina faltan botatzen ditut amak jatea behartzen zidan barazki purea, frutak, arraina… tira, lehen ere esan dut, hemen dena da aldrebes. Hemen ez digute gutunik idazten uzten, horregatik paperezko hegazkinak. Agian inork irakurriko ez dituen paper hegalariak.

Amak biltegitik beste paper bat lortutakoan hurrengo paperezko hegazkina. Hitzez kargatutako hegazkina.

Norbaitek jasoko duelakoan, aio!

Joakin

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.