Izugarrizko hotza egiten zuen. Itzela. Beraz, etxera eramango ninduen azken autobusaren zain kale-gorrian egon beharrean bidearen beste aldean zegoen kafetegian, epelean, kafesnetxo bat hartzea pentsatu nuen. Eskatu eta zain nengoen bitartean nire atzean, mahai batean zegoen gizon batek telefono mugikorra hartu eta ozen hasi zen.
-Karlos? Xabier naiz. Laura, itzuli da. Haserre dago. Oso haserre. Sutan aizu (…) Zergatik? (…) Zer dakit ba nik… (…) …ezetz ba, ez dakidala zergatik dagoen haserre. (…) Bai, gaur eramango dut medikura… (…) erabaki zaila da, agian… (…) Hori ondo dago, bai, baina… (…) Oso haserre dagoela ba! Haserre, koleran, amorratuta, ernegatuta, suminduta… (…) …bai, hala da! (…) Ba ez dakit, ez dut uste ospitalizatuko dutenik, baina nork jakin! (…) Oso gogorra da, bai, brutala, ikaragarria… (…) …bai, medikutik irtendakoan hots egingo dizut… (…) Ondo da, mila esker, jakina… (…) …aio, bai!
Telefonoa eskegi eta berehala beste dei bat.
-Mila? Xabier naiz. (…) Laura etxeratu dela esateko… (…) …ikusiko bazenu… odola begietan, amorratutako txakur bat dirudi, inoiz ez dut hain haserre ikusi…(…) Hori ondo dago, bai, ondo dago… (…) Ordu erdi barru hitzordua dugu ospitalean medikuarekin… (…) Jakina! (…) Bikain, ideia ona… (…) Kontatuko dizut, bai, aio!
Berriro eskegi zuen telefono mugikorra. Kafetegiko bezero guztiak begira ginen Xabier delakoa mahaitik jaiki zenean. Nire ondoan, barran, gizon garai bat gerturatu zitzaion.
-Jakin al daiteke zer gertatzen zaion Laura horri?
-Laura horrek agian mila motibo ditu haserre egoteko! -Bota zion larru marroi jakadun emakume batek begirada egunkaritik jaso gabe.
Guztiok baietsi egin genuen.
-Laurari zer gertatzen zaion jakin nahi dugu denok! -Nire kafesnea zekarren zerbitzariak.
Xabierren begiak txikitu egin ziren, bere bekokia zimurtu.
-Ez nuke nahi Lauraren bizitzak lur jotzea! -zioen larru marroi jakadun emakumeak marmarka.
-Hitz egin gurekin… -nire ondoko gizon garaiak -ulertu ezazu… arduratuta gaude!
Tabernariak, besoak ezkutatzen diren lekuraino tatuajez beteta zituenak, barra atzetik irten eta kea zeriola katilu bat jarriko zion Xabierri mahaian.
-Pattarra bota diot, agian zure ezpainak askatuko ditu, eta horrela zerbait kontatuko diguzu zu eta Laurari buruz…
Xabier eskaiko eserlekuan eseri eta kuzkurtu egin zen.
-Ni beragatik ez nago arduratuta, Laura da kezkatzen nauena… -berriro larru marroi jakadun emakumeak ahapeka.
-Utziozu hitz egiten. -Nire ondoko gizon garaiak. -Irrikan gaude!
Xabierrek ordea, eskukada bat emanda katilua lurrera bota eta kafetegitik alde egin zuen.
-Ikusten? Bortizkeria horrekin dabilen gizon batek… Laura gaixoa…
-Zure erruagatik ezer jakin gabe geratu gara! -nire ondoko gizon garaiak.
-Eta niri nork ordainduko dit gizon horrek…
-Xabierrek! -zehaztu genuen guztiok ahots bakarrean.
-Ezagutzen zenuten inork? Lehen aldia da hemen ikusten nuena… -tabernariak.
-Nik nahikoa daukat nire kontuekin… ez naiz jendearen asuntotan sartzen… -emakume marmartiak.
-Gainera, ez dakit zergatik haserretu den -berriro nire ondoko gizon garaiak -nirea behintzat ez zen interesagatik, kuriositateagatik zen!
Bakoitza berera bueltatu ginen. Tabernariak nire kafea hotza gelditu zela eta, beste bat aterako zidala eta itxaroteko. Baina nire autobusa iritsi zen, kalearen beste aldean jada.
-Ezta pentsatu ere! Beste kontsumizio bat ordaindu gabe? Zuk kafesne hau hartuko duzu, bai ala bai…
Eta han joan zen etxera eramango ninduen eguneko azken autobusa.