Continue Reading" />

Bizitzaren formula sekretua

Etiketarik gabe Permalink 0

-…

-Ezin duela telefonoz hitz egin esaten du!

-Zergatik ez?

-Ba harrikoa egiten dagoelako!

-Baina esan al diozu Galaxia Batuetako Lehendakaria naizela?

-Esango ez nion ba! Jakina!

-Eta zer esan du?

-Ba harrikoa amaitu arte ezin duela zurekin hitz egin!

-Agure zahar malapartatua! -gehitu du marmarka Lehendakariak. -Barkatu, barkatu…

-Ez zaio asko falta… nik egingo nuke, baina asko kostatu zitzaidan zuk deitu bezala agure zahar malapartatu hau harrikoa egiten jartzea. Jubilatu zenetik…

-Esango al zenioke mesedez, Adimen Galaktikoak jakin arazi digunez Brondarrak gure sisteman sartzear daudela? Jupiterreko estazio meteorologikoa sutan da, eta zure senarrak datozen zazpi minutuetan formula eman ezean… gizateria… kaput, akabo!

-Uff… ezingo nuke esan didazun hori guztia gogoratu… – Esplitz andereak. -Baina itxaron, hemen dator? -senarrari -Amaitu al duzu harrikoa?

Senarrak baietsi.

-Bai esan? -Esplitz doktoreak amantalarekin eskuak lehortu bitartean.

-Esplitz doktorea, formula, formula behar dugu! -Lehendakariak -Formula behar dugu gas kontserbagarria aktibatu eta asko ez bada ere gizateriaren parte bat salbatuko badugu!

-A bai, jakina, formula… -Esplitz doktoreak betaurrekoak amantalarekin garbitu bitartean. -Badakizu? Harrikoa egiten nuen bitartean formula horretan pentsatzen egon naiz… jakingo bazenu…

-Bai, bai, bai… gero kontatuko didazu, orain formula behar dut! Sei minutu ditugu! Minutu bat galdu dugu dagoeneko.

-Batekin nahikoa dut! Formula erraza da, minutu bat baino gutxiago beharko nuke emateko…

-Eta? Zeren zain zaude ba? Bota ba!

-Banoa, banoa… sotoko traste zaharren artean daukat kaodernoa… ziur nago hor nonbait apuntatuta utzi nuela…

Esplitz doktorea sukalde ondoko eskaileratatik behera soto alderajoango da. Emazteak Splitz doktoreak hormatik zintzilik utzi duen telefonoa jaso eta eskegiko du.

-Zer nahi zuen ba? -emazteak.

-Nork? -Esplitz doktoreak sotoko eskaileratan gora etorrita berriro.

-Deitu duen horrek?

Buruarekin ezetz sorbaldak jasoaz.

-Aizu? Zuk ba al dakizu zertara jaitsi naizen sotora?

Buruarekin ezetz sorbaldak jasoaz.

-Ideiarik ere ez… hara! Hirurak dagoeneko, albisteak hasiko dira.

Sukaldean dagoen telebista piztuko du.

-Azken minututan gaude, hiru baino ez eta hau guztia amaituko da… -telebistako esatari trajedunak.

-Aldatu ezazu hori… albistegietan albiste txarrak baino ez daude eta…

Emazteak telebista itzali eta senarrarengana gerturatu da jostari.

-Eta siestara joango bagina… e, txikito?

-Siestara? Ez daukat logurerik!

-Siestara esan dut, ez lotara… -bota dio begiarekin keinu eginaz.

Telefonoa berriro joka hasiko da.

-Nirekin hari al zara, beltzarantxo? -telefonoa hartu eta eskegi egingo du erantzun gabe.

-Ez duzu telefonoa erantzungo?

-Zer dago garrantzitsuagoa gu biok siestatxo bat egitea baino?

Telefonoa berriro ere joka hasiko da. Eskua emanda logelarako bidea hartu dute telefonoak joka jarraitzen duen bitartean.

Iruzkinak itxitak daude.