Continue Reading" />

Benetako “istorioak”

Etiketarik gabe Permalink 0

Nire ondoan eserita zegoen lagunak, garagardo pitxarrari trago luzea eman ondoren, sorbaldatik heldu eta mihiarekin bibotean zuen garagardo aparra garbitzen zuela esan zidan:

-Une gogorrak, oso gogorrak bizi izan ditut. Nire bizitzaren historia idatzi beharko zenuke.

-Egingo dut, Euxebio, -esan nion -oraintxe egingo dut!

Garai hartan beti eramaten nuen gainean koaderno bat eta boligrafoa, eta Euxebiok bere bizitzaren historia kontatu zidanean hauxe idatzi nuen:

“Euxebio Cinccinati inguruko herri txiki batean jaio zen. Bere aita berak hamabi urte baino ez zituela hil zen, ama handik gutxira, eta inork ez zuen jakin Euxebio bakarrik bizi zenik etxe zahar hartan. Hotzgailuan zegoena jaten amaitu ondoren kanibalismoa praktikatu zuen. Lehena etxeaz bestaldeko bizilaguna izan zen, ondoren…”

Euxebio gerturatu eta galdetu zidan:

-Zer duzu orain arte?

Nik idatzitakoa irakurri nion eta bere begiak barrutik irteteraino ireki ziren.

-Hau guztia gaizki dago! Ni ez nintzen Cinccinatin jaio, non dagoenik ere ez dakit! Kanibalismoa, nik??!!

-Interpretaziozkoa da, antzezpen moduko bat… erorketa bat behar du kontakizunak, infernura erorketa ondoren erredentzioa etorriko bada!! Utzi niri, nik badakit! Zure historiak aberastu egingo gaitu… pentsa ezazu… nobela, ondoren filma… historia istorio bihurtuta… ulertzen?

-Nire bizitzaz barre egin duzu, burla!

Garagardoa aurpegira bota eta zapalazteko bat jo zidan. Borrokan hasi ginen, ni hura aldendu nahian nenbilen tabernariak kanpora bota gintuen arte. Euxebiok garrasika alde egin zuen.

-Nire bizitza suntsitu duzu!!

Zer zekien Euxebiok liburuetan agertzen diren benetako pertsonen bizitzen istorioez?

Iruzkinak itxitak daude.