Continue Reading" />

Egur-ezpalak

Etiketarik gabe Permalink 0

Aspaldiko kontua da, oso aspaldikoa, istorio hau hasi baino aurrekoagoa. Neskato hura bere aitarekin bizi zen basoaren erdian, bere garaian artzain txabola izandako etxetxo batean. Bere ama bera jaio eta gutxira hil zen. Aita egurgilea zen eta askotan egun osoa ematen zuen etxetik kanpo ebaki beharreko zuhaitz mardulen bila. Bizitza gogorra zen, ingurua lehorra zen, eta apenas zegoen zereginik han inguruan. Diru gutxi sartzen zen etxe hartan eta alaba herriko eskolara bidaltzeko diru adinik ere ez zuen aitak pilatzen. Baina liburuek ematen zuten jakintasunik ez bazuen ere, basoak eta bizitzak emandako lezio guztiak ziztu bizian ikasten zituen. Zazpi urte bete zituenerako basoan hazten ziren landare, lore, zuhaitz eta zuhaizka guztien izenak ezagutzen zituen.

-Zein da hori? Eta hura? Eta han atzekoa? -galdetzen zion aitak.

-Elorri beltza… -edo -Basagurbea… -edo -Gartxua! – gure neskatoak beti zuen erantzun zuzena.

Behin, aita hiriburura joan behar izan zuen inguruan landatzen ari ziren zuhaitz berri batzuen inguruan informazio bila. Haurra bakarrik geratu zen. Horrelakoetan txabolak zuen portxe modukoan esertzen zen egur ezpal zakuakaden artean ezpal bati bere haizto txiki zorrotzarekin forma harrigarriak ematen hilero bezala herriko merkatura joan eta bertan saltzeko. Buru-belarri egoten zen bere horretan, murgilduta inguruarekiko isolatuta bezala.

-Baso bete ur emango al zenidake? -galdetu zion ahots misteriotsu batek.

Haurrak begirada altxatu eta dama bat ikusi zuen, inoiz ikusitako ederrena. Gainean kapa zuri ilun bat zeraman, belaunerainoko bota luze eder batzuk ere bai.

-Ez dugu ur korronterik hemen… aitak egunen batean ur korrontea honaino ekarriko dutela dio baina nik ez dut jada asko espero…

-Eta ez duzue urik eraten?

-Tira, hain behartsuak gara etxe atzean dugun bidoi batean jasotzen dugun euria edaten dugula…

-Ondo da, eta? Emango al zenidake edalontzi batean euri-ur pixka bat? Egarri naiz…

-Sentitzen dut, dama eder hori… baina ez dugu edalontzirik… hain behartsuak gara nik egurrarekin egindako egurrezko kaiku bakar bat dugula… ia egunen batean bigarren bat egiten dudan…

-Egarri naiz, herriko ostatuan nago. Goizean osteratso bat ematera irten eta galdu egin naiz… gose naiz, egarri…

-Ba janaria ere…

-Ez dut janaririk nahi, ura, euri ura, edalontzi edo kaikuan, baina egarria asetuko didan…

-Emango nizuke -eten zion neskatoak – baina aitak kontuz ibiltzeko esaten dit beti, basotik jende arrotza agertu daitekeela, eta edozer eskatzeko aitzakian ni barrura joan eta kapazak direla hemen ditudan egur ezpal zakuak lapurtzeko…

-Eta zure egur ezpalak zainduko ditudala agintzen badizut?

-Demagun egia diozula, zu ez zarela lapurra, eta barrura euri-ur bila noan bitartean nire egur ezpalak zaintzen ari zarela benetako lapurrak agertu eta zu erasotzen zaituztela… bufff… ezingo nuke kulpa horrekin bizi…

-Ados, badakit! -esan zuen damak kapa azpitik diru zorro bat ateraz. -Eta zure egur ezpal hauek erosten baditut? Lapurrak agertuz gero ez dizute zuri lapurtuko, niri lapurtuko dizkidate!

-Tira, hori zuzena litzateke, ondo legoke bai…

-Bikain! Tori urrezko txanpon hau eta ekarridazu euri-ur preziatu hori egarriz hil aurretik!

Gau hartan, damak herriko ostatu txikiko jabearekin zegoen berriketan.

-Neskato bitxi bat ezagutu dut baso erdian!

-Bai, anderea…

-Artzain txabola moduko etxetxo txiki batean zegoen, portxean…

-Bai, anderea…

-Oso neskato berezia…

-Bai, anderea…

-Ezagutzen duzu?

-Esango nuke zuk ere egur-ezpal zakukada erosi diozula! Bitxia, berezia bai… baina batez ere aparteko egur-ezpal saltzailea!!

Iruzkinak itxitak daude.