Continue Reading" />

Albisteak albiste

Etiketarik gabe Permalink 0

Sabela gerrikoaren gainetik ageri zitzaigun gehienoi; elkartera sartzeko igo beharreko eskailerek gure bihotza dardaran estutzen zuten; ez dakit futbola maite genuen, baina elkartzeko aitzakia zen, eta horri heltzen genion. Astean behin kiroldegian egiten genuen topo. Baloiari ostiko batzuk eman eta dutxatu ondoren nola ez, elkartera. Batzuk ardoa, garagardoa besteak eta medikuak aginduta sagar zukua beste batek.

Inork ezin zuen gertatu zena imajinatu. Futbol txapelketa batera gonbidatu gintuzten. Madrilen. Helduen futbol txapelketa bat. Asteburuan. Aukera paregabea asteburu pasa Madrilera joateko. Parranda, gure txapelketa hori eta Real Madrid eta FC.Barcelonan arteko partida ikusteko aukera. 

Bidaia taldekide baten laneko bi furgonetetan. Iritsi eta lehenengo, derrigorrezkoa dena: parranda. Itzela. Ordu txikiak arte. Bihar biharkoak!

Hurrengo egunean komeriak. Hotel handi batek ondoan zuen futbol zelaian genuen hitzordua. Hantxe ginen gorputzeko atal guztietako minez, buruak eztanda egiteko puntuan. Lanbroak guztia lausotzen zuen. Gehitu horri, guztiok, sagar zuku edaleak barne, gainean generaman bestondoa. Ez dakit, tira, bai, badakit ez geundela futbol partida bat jokatzeko egoeran. Zelaira irten ginenean bakarrik geunden. Baloia alde batera utzi eta zelai bustian eseri ginen. Bezperako pasadizoak, txiste bat edo beste eta luzaketak, lasai eta poliki, badaezpada ere. Gure ohiko beroketa bat alegia.

Gutako batek zelaiaren beste aldea erakutsi zigun arte. “Begira haiek!” Guztiok batera begiratu genuen. Isiltasuna. Hoteleko atetik tamaina izugarriko morroi gihartsu talde bat irten zen. Ikusgarriak ziren. Haiek ere luzaketekin hasi ziren, baloia maisutasunez jotzen zuten. Hori guztia guk txistua irensten genuen bitartean.

Egoera horretan laguntasuna, adiskidetasuna eta elkartasuna agerian geratzen dira. Biziraupen sena pizten da. Beldurraren tantan hotzek kiroltasuna eta leialtasuna estali egiten dituzte. Nire ondoan zegoenari zaintiratu bati eman ziola bat batean, beste bati futboleko botak pentsioan ahaztu zitzaizkiola, beste batek tripak nahastuta… jarraituko dut?

Ni, adorea pilatu eta zelaia zeharkatzen hasi nintzen, gure arerioekin topo egin arte. Gerturatu ahala izugarriagoak iruditzen zitzaizkidan. Bizkarrez zegoen bati galdetu nion: “Zuek al zarete Club De Campo taldekoak?”. Lagunak buelta eman zuen. “Ez, gu arratsaldeko derbia egin aurretik luzapenak egiten ari gara. FC.Barcelona taldekoak gara”. Orduan ezagutu nuen. Pique zen.

“Bartzelona taldekoak dira!! Oihukatu nien taldekideei. Guztiak gerturatu ziren, akabo zaintiratuak, tripa nahasketak eta bestelakoak. Lasaitu ederra hartu zuten, genuen. Orduan batek bota zien: “Zer? “Patxangatxo” bat? Berotzeko…” Piquek barre egin zuen. Gustura jokatuko luketela baina ezetz. Gaueko partida garrantzitsuegia zela orkatilak gurekin arriskuan jartzeko. Uko egin zuten. Ez zutela partida jokatu nahi izan alegia.

Handik ordubetera jokatu genuen gure partida Club De Campoko helduen taldearen kontra. Galdu, jakina. Bartzelonakoek beren partida irabazi zuten Real Madriden kontra, eta gu lasai eta ustekabe gehiegirik gabe bueltatu ginen etxera.

Hurrengo egunean, Goierriko Hitzak, gure abenturaren kronika zekarren. Hau da, Bartzelonak gure kontra jokatzeari uko egin ziola jakin zuten. Eta horrelakoetan badakizue, eta ez badakizue esan egingo dizuet; jokatu nahi ez duenari galdutzat ematen zaiola partida. hau da, markagailua jokatu nahi duen taldearen aldekoa izaten da, 3-0.

Hitzako izenburua hitz larritan hauxe:

Gure koadrila 3 – FC Bartzelona handia 0.

Iruzkinak itxitak daude.