Amandak 9 urte inguru ditu. Bere guraso eta ahizpa txikiarekin bizi da. Txakurtxo bat ere badute etxean beraiekin bizi dena. Baina listo. Aitortzen dut ez ditudala familiako beste guztien izenak ezagutzen. Amanda ezagutzen dut bakarrik. Ez amarena, ez aitarena… itxaron, bai… lehengusuarena bai, mutiko mardultxo bat, Tomy.
Etxe handi batean bizi dira denak. Hiru solairuko etxe dotorea. Nire alabak etxeari begira jartzen zen guztietan galdera berdina egiten zidan. “Aita, nola igotzen dira solairu batetik bestera eskailerarik ez badago?” Baina ez pentsa asko inporta zitzaionik. Ez eskaileren kontuak ez eta etxaurrerik ez izateak ere. Orduak eta orduak eman bai zituen Amandarekin jolasean. Bere etxean ez, bere etxearekin. Bai, etxearekin esan dut. Amandaren panpina etxearekin.
Urteak eman ditu bere gelan etxetxoak. Amandaren familiaren etxeak. Hantxe, ohearen ondoan, gelara sartu eta bistara. Etxetxoa esan dut, baina etxea esango nuke. Erosi genuenean bera baino handiagoa zen, eta urtetan, duela gutxi arte, atzean ezkutatzeko modukoa. Baina orain King-Kong da bere ondoan. Eta gure txikia jadanik ez da hain txikia eta leku gehiago behar du bere gelan. Gelan urtetan pilatutakoen errepasoa tokatu da ikasturte hasiera honetan.
Arbela zuria ere sobran du jada. Ez du behar. Zenbat zirriborro, marrazki eta letra saiakera. Idazten ikasi zuen arte eta ondoren. Azkena, gelako ate aurrean utzi zuenean “ez sartu / don´t disturb” idatzita. Hura izan zen seinalea. Handitzen ari naiz. Handitzen ari naiz eta bai, hauek guztiak oroitzapenen kutxa horretakoak dira, baina oroitzapen berriak sortuko badira, eta horientzat lekua egin behar; eta horretan gabiltza.
Zenbat kostatzen zaigun objektuak botatzea… oroigarriak direlakoan, haiek gabe ahanzturan itotzeko arriskua bagenu bezala… eta garajea, sotoa edo ganbera traste zaharrez betetzen dugu, inoiz beste traste zaharren bat gordetzera goazenean ikusi eta ahaztutako zerbait gogora araziko digulakoan.
Baina tira, horrelakoa da bizitza esango luke baten batek, eta Amandaren etxetxoa desmuntatu, ondo bildu eta sotoan gorde ondoren eskuak garbitzen ari nintzela, txikitan izan nuen jostailuzko tronpetarekin oroitu naiz. Metalezkoa, benetakoa zirudien. Non amaitu ote zuen? Ez dut gogoratzen. Gorde ote genuen ere ahaztu dut.