Etxe aurreko lorategiko belarra mozten ari nintzela, belarra mozteko makinak zerbait jo zuen. Makurtu eta belarretan tenkaturik intxaur bat aurkitu nuen. Hau jaso, urrutira bota eta errepidearen erdira erori zela ikusi nuen. Nik eta zuhaitz batetik begira zegoen katagorri batek. Katagorria zuhaitzetik jauzi eta intxaurraren bila abiatu zen orduantxe errepidetik zetorren kotxea bidetik desbideratu araziz. Kotxeak zuhaitzaren kontra jo zuen. Kotxe barrutik tipo handi bat irten zen, amorratuta, hark bazekien nonbait intxaurra nik jaurti nuela eta bizkar aldetik pistola bat aterata niregana zetorren oso keinu itsusiarekin. Baina bidea gurutzatzean kontrako norabidean zetorren kotxe batek harrapatu zuen. Zapla.
Azken kotxe honetatik amona bat irten zen, garrasika, lurrean etzanda zegoen morroia suspertu nahian, bai eta lortu ere. Morroia oraindik pistola eskuan zuela lurretik altxatu zen. Amona, polizia erretiratua itxuran, tipoaren pistola ikusita, berak ere berea atera zuen. Elkarri tiroka hasi ziren, oso punteria okerrarekin, eskerrak. Baina noraezean irten zen bala horietako batek zuhaitzaren kontra jota zegoen kotxeko erregai deposituan jo eta eztanda egin zuen sute izugarri bat sortuz.
Kalearen bestaldeko etxeak, erretzen ari zen kotxearen ondoan zegoenak ere su hartu zuen, eta berehala agertu ziren han polizia kotxe bi. Tiroka aritu ziren gizona eta emakumea, beraien burua mehatxatuta ikusita errepide erdian zegoen kotxe atzean babestu ziren. Tiroak alde batetik bestera ziztuka, eta katagorria errepidearen erdian intxaurra helduta niri begira.
Suhiltzaileen sirena hotsak entzun ziren orduan. Baina han zegoen tiro festa zela eta, ez aurrera eta ez atzera geratu ziren. Urrunetik beraien mangera luzeekin ur txorrotak hara eta hona. Hara gehien bat, sutea han zegoen eta. Bizilagunak kalera irteten hasi ziren ikuskizuna gertuagotik begiratzeko. Hauek ere jakina, tiro festan parte hartzeko prest pistola eta bestelako armak eskuetan. Bozgorailuetatik poliziak nor bere etxean babesteko eskatuz. Balak hara eta hona, zozketa itsu batean, eta horrelakoetan… konturatzerako intxaurra helduta zuen katagorria eta ni zutik gauden bakarrak. Glup.
Bat batean nire oinetan koskada moduko bat sentitu nuen. Katagorria zen. Intxaurra nire oinetan utzi eta ziztu bizian alde egin zuen. Nik intxaurra hartu eta berriro aurkitutako lekuan utzi nuen, eta hango zalaparta derrepentean baretu zen, guztiak desagertu ziren, lurrundu; esnatu egin nintzen.
Intxaur bat arriskutsuegia izan daitekela armak legeztatuta dauden herrialde batean, alegia.
Ikimilikiliklik.