Continue Reading" />

Hitzordua

Etiketarik gabe Permalink 0

Etxeko atea itxi eta berehala hasi zen saltoka eta dantzan. Bost axola gauerdia izatea eta beheko amonak bera gorrotatzea. Hura zen poza. Berehala Mirariri deitu behar zion. Gorputz osoa dardarka zuen emozioaren emozioz. Zenbakiak ganoraz markatzeko ere ez zen gai.

-Ni naiz, entzun, entzun, entzun… ez dut gaurko gaua bizitza osoan ahaztuko. Eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko. Zuregatik ez balitz… entzun… zuk esandako kamiseta eraman dut, paparra erakusten duen hori eta perfumea, bai, goxoa eta arina… ziur nago bi detaile horiekin zur eta lur geratu dela, lehen bista kolpean. Hain da ederra bera… bere irribarre distiratsua, ile beltza, eta begiak… begiak… begira, begiak ez dizkiot ikusi, ez ditu eguzkitako betaurreko beltzak gau osoan kendu. Uffa, ukitu misteriotsu totala ematen zion horrek… Ez du asko hitz egin, lasaia dela erakusten du horrek, entzule ona, nire hitz egiteko moduarekin hipnotizatu dudala esango nuke. Nire bizitza osoan ez dut parean horrelako pertsonarik izan; etxera ekarri nauenean kotxeko atea ireki eta ez pentsa muxu ematen ahalegindu denik, astun horien modura, ez. Galant portatu da… irrikatan nago berriro noiz deituko duen. Ez dit bere numeroa eman nahi izan, berak nirea baduela eta… tira, esaiozu Itziarri bete betean asmatu duela hitzorduarekin!

 

###

 

Iritsi denerako Itziar zain zuen. Atzetik joan zaio bere logelaraino.

-Eta? Nola joan da?

Ohe gainean etzanda jarri eta buruz bera marmarka hasi da.

-Izugarria izan da!

-Izugarria… izugarria, edo izugarria… izugarria?

-Desastrea!

-Izugarria, bai, ulertzen dut.

-Inoiz ez nuke pentsatuko pertsona batek hainbeste hitz egin zezakeenik. Ez da gau osoan isildu, eta ez pentsa saiatu ez naizenik, asko ez, egia da, baina gutxi hori ere alperrik. Aspaldiko gaurik aspergarriena izan da. Eskerrak betaurreko beltzak apropos jarrita utzi ditudan… lo hartzen nuela ikusi ez zezan… eta usain hura…

-Lastima, sentitzen dut… etxera eraman duzu behintzat… eta han…

-Han zer?

-Ba hori, han…

-Zoratuta? Bere etxaurrera iristean kotxeko atea ireki eta agur ben hur! Itziar, arren, esaiozu Mirariri berriro nire maitasun kontuetaz ez arduratzeko…

 

 

Iruzkinak itxitak daude.