-Ze lerdokeria da hau? Zer dugu guk hirurok amankomunean?
-Ez dakit, baina elkarrekin abiatzea erabaki dugu eta egingo dugu. Kito! Lerdokeria galanta izango da, baina listo, ia, txiton!
-Baina nora goaz? -galdetu zuen barraskiloak.
Inork ez zuen erantzun.
-Tira -hartu zuen hitza euliak handik segundo batzuetara. -baten batek erantzun beharko lioke barraskiloari… galdera ona da… nora goaz?
-Zergatik galdetzen duzu? -bota zuen saguak – Ulertzen ez dudana da zergatik zabiltzan gurekin… zuk hegan egin dezakezu, nahi duzun tokira joan zaitezke!
-Bai, hegan egin dezaket -bota zuen euliak -baina ezin naiz oso urrutira joan; diotenez nire bizitza oso laburra da, laburregia. Zertarako hegan egin hain laburra bada nire bizitza?
-Ni berriz… hain mantsoa naiz… -esan zuen barraskiloak burumakur -nolabait azkarrago joateko aukera banu… inork eramango banindu… eta zu, sagu?
-Bai, azkar korri egin dezaket nire hanka motxekin, baina kontu handia izan behar dut katuekin. Zuena baino bizitza luzeagoa da nirea, bai, baldin eta katuak harrapatzen ez banau! Horrela balitz, kaput!
-Nahi duzuena, baina oraindik ez dugu erabaki nora goazen…
-Ba ez, baina esango nuke berehala iritsi beharko genukeela, edo?
-Bidaia zoragarria izango da! -esan zioten elkarri pozaren pozez.
-Sarriagotan egin beharko genuke hau, besteak ere gonbidatu ditzakegu… tira, katua ez, arren… bestela…
-Iritsi al gara? -galdetu zuen barraskiloak.
-Nork esan dezake iritsi garenik nora iritsi behar dugun ez badakigu? Eta nora goazen jakin ezean nola asmatu iritsi garen edo ez? -euliak erantzunik espero gabe galdetzen zuen.
-Eta besteek nola jakiten dute iritsi direla egon nahi duten leku horretara?
-Ni oso mantsoa naiz, mantsoegia, eta nire pausoak nekezak dira… ez nuke alferrikako pausorik eman nahi, horregatik nabil zirkuluan bueltaka, gutxiago nekatzen naizelako eta nagoen tokitik gehiegi ez urruntzeko… zertarako urrundu leku berberera itzultzeko? Mugituz gero nonbaitera joateko, bestela kieto!
-Ba nik hegan egin dezaket, gutxi bizi naiz, horregatik egiten dut hegan zirkuluan, seguru aski nire lekutik gehiegi urrundu nahi ez dudalako, nireak gertu nahi ditudalako amaiera iristean…
-Zer esan niri buruz… azkarra naiz, arina, baina seguru aski katua atzetik dabilkidalako… ni ere beti zirkuluan, horregatik izango da katua beti atzean dudala!
Elkarri begiratzen zioten, isilik, zain. Barraskiloak isiltasuna hautsi zuen arte.
-Beraz… hobe hemen gelditzen ba gara!
-Bai, askoz hobe! -gehitu zuten euliak eta xaguak.
Isilik egon ziren ordu luzez, sagua aspertu eta bota zuen arte.
-Baina bihar bai, ezta? Bihar nonbaitera joango gara?
-Jakina, bihar bai! -osatu zuten beste biek.