Gaur teknologiari heltzea erabaki dut. Smart-phone delakoen munduan murgiltzea. Izan ere badira asko laguntzen gaituzten aplikazioak; dietari sendo eusten laguntzen digutenak, frantsesa dominatzera eramaten gaituztenak… bai, erabilgarriak oso, baina mugatuak, baina kito. Pauso bat aurrera egin daitekeela uste dut. Hona proposamen batzuk.
Galtzerditozeitor: Nahikoa da mugikorrarekin ohe azpira apuntatu eta galduta dauden galtzerdi eta barruko arropak zuzenean arropa zikinaren saskira bidaliko ditu. Nerabeen gurasoentzat aproposa.
Zaratotsoffeitor: Zauden tokian zaudela zarataka dagoen horri mugikorra zuzendu eta bere zaratotsa naturako soinu lasaigarri bihurtuko da. Metroan alokairu bat negoziatzen doan abokatuaren garrasi eta zarata Urbasako errekatxoaren xuxurla bihurtuko du.
Denboramatxineitor: Telebistarekin wifiz lotu eta ikusi nahi duzun filma edo futbol partida ordubete lehenago hasteko agindua emateko aplikazioa. Ohera ordu txukun batean joatea lortuko duzu horrela.
Aire-aireitor!: Aparkatzeko leku bila zabiltzala aurrean duzun beste kotxeak asmo berdina duenean eta leku bat agertzen denean aplikazioa sakatu eta aurrean doanak ikusi gabe alde egingo du. Aire, aire!
Aio-aioitor!: Isunak oparitzeko gaitasuna duen edonoren aurrean ikusezin egiten zaituen aplikazioa.
Kaloriaezabageitor: Sagardotegira joan eta txuletaren ondoan jarrita honek dituen kaloria guztiak ezabatzen ditu. Berdin izango da txorixodun taloa edo azenario gordin bat jatea.
Berdintasungailuitor: Emakume batek bere ondoan lan egiten duenaren telefonoaren ondoan berea jarri eta bion soldatak parekatuko ditu, lasai, kopuru altuenera berdinduz.
Maitagarrieitor: Seme-alaba nerabeekin zaudenean hauen purrustadak “maite zaitut!” bihurtzen ditu.
Motibeitor: Zure seme edo alabarengana zuzendu eta konturatzerako zaborra edukiontzietara eramateko borondres aurketuko dute beren burua.
Bizkarragarbieitor: Bainuko esponja bluetooth bidez kontrolatuko duzu bestela iristen ez garen bizkarraldea garbitzeko. (bai, gure gorputzaren diseinu akats bat da hori, besoak luzetxoagoak egitea nahikoa zen!)
Erratutazaudegaitor: Zurekin eztabaidan dagoen horri mezu huts bat bidaltzen dio aplikazioak eta konturatzerako arrazoia emango dizu. Gaia edozein dela ere.
Gordeleitor: Zure mugikorrak eskanerra egingo dio zure etxeari eta familiakoen atzaparretatik ezkutatu nahi duzun txokolate edo denadelakoarentzat ezkutaleku onena proposatuko dizu.
Aurkituleitor: Zure familiakoren batek txokolatea edo denadelakoa nonbaiten ezkutatu badu berehala aurkituko dizu aplikazioak.
Gehiago ere egongo dira eta badira, baina zuek ere proposamenik baduzue… aurrera! Aberastuko gara oraingo honetan!
Aberastuleitor: …