
Urriko arratsalde batean agertu zen lehen arrakala sukaldeko horman. Hasieran arrasto lotsati bat baino ez zen, gaizki ezabatutako arkatz marra bat, baina aste umelek zabaldu arazi zuten arrakala aho moduko batean bihurtuz, irekiz eta itxiz etxearen arnasketa balitz bezala. Estebanek hiru urte zeramatzan bakarrik bizitzen Miren, alaba, Islandiara geologiako ikasketak Erarmusen egitera joan zenetik, , baina batez ere Marian, emaztea, hil zenetik. Emaztearen heriotzak ere bazuen hormako arrakalaren antza, konturatu zen hormako hura bularrean zeramanaren oso iguala zela: ebaki isil baten taupada zaharra, berak bakarrik sentitu zezakeena.
Goizero kafea igotzen zen bitartean arrakala behatz puntekin igurtzen zuen. Ez zuen oraindik konpondu nahi. Beldurra ematen zion bere zauria deskribatzen zen hura konpontzea. Uste zuen arrakalen zirrikituetan, gorputzaren orbainetan bezala, norberaren bizipenak pilatzen zirela: arrakala ezabatuz, bizipenak ahaztuko zituela.
Arrakala hitzak gauza asko esan nahi dituela pentsatu zuen: lokatza eguzkitan lehortzean sortzen dira, izotzak harkaitza zartatzen du, herrialdeak bandotan banatzen dira eta norbera dagoeneko elkar lotzen ez diren oroimenetan partitzen da. Baina bazen aipatzea lan gehiago ematen zion arrakala bat: gizartearena. Bere herrian “arrakaletaz” animalia basatia balitz bezala hitz egiten zen. Politikaz haritzen zirenean, inmigrazioaz, futbolaz… Lehenago sagardoa eta gazta partekatzen ari ziren bizilagunak banatzen zituen. Berak familia bazkarietan nabari zuen Jaime eta Xabier lehengusuek elkarri begiratzea ekiditen ziotenean trapu-zaharrak dantzan ez jartzeko. Haustura ez zegoen mahaian, isiltzen ziren hitzetan baizik.
Era askotako arrakalen udazken hartan, Esteban Islandiara joan zen alabak gonbidatuta. Mirenek Pingvellir erakutsi nahi zion, milimetroz milimetro europar plaka eta amerikarra banatzen ari diren tokia. Plakak mendeetan zulatuz joan diren sakonunetik ibili ziren; irekitako liburu batetik ibiltzea bezala zen. Gidariak esan zuen pitzadura urtean zentimetro bat zabaltzen zela, eta nola horrela ur-jauziak, sakanak eta ur gardeneko aintzirak sortuz joan diren. Estebani harritu egin zion bere sukaldean mehatxu esan nahi zuen hitzak han paisaia erabat zoragarri bat zela ikusteak. “Badira deuseztatzen duten arrakalak eta bizitzari bidea irekitzen diotenak”.
Azken aurreko gauean, Reikiaviken, albiste batek bere herrialdeko arrakala ekarri zion gogora: manifestazioak, bloke bateraezinak, gorriz tindatutako titularrak. “Aita, plakek ere tupust egiten dute eta ondoren marruskaduraz edo igurtziz topo egiten dute berriro; mugimendua bizitza da, bizirik mantentzen gaituzten arrakalak” esan zion alabak. Pentsatu zuen amorru kolektiboa beste zerbaiten lurrikara zela.
Etxera itzultzean sukaldeko hormako arrakala konpontzea erabaki zuen, baina modu berezi batean. Zuloan zehatz kabituko zen kristalezko lamina bat eskatu zuen, arrakala estalita bai baina ikusgarri utziko zuena. Orain goizaldeko eguzkia arrakalaren zulotik sartzean kristala zeharkatu eta arrasto urreztatu bat islatzen du sukaldeko mahaian. Ez zuen zauria ezkutatu, leiho bihurtu zuen.
Zapatu hotz batean Jaime eta Xabier, elkarrekin haserretuta bizi ziren bi lehengusuak, gonbidatu zituen afaltzera. Jan eta ardo artean horma berria erakutsi eta Islandiako pasadizoa kontatu zien. Bakoitzak bestearen dohain bat paper batean idaztea proposatu zien. Purrust egin zuten biek, baina egin egin zuten: nota txiki haien tolesduretan familiako arrakala estutu egin zen pixka bat; ez ziren itxi, baina airea sartzen utzi zuten.
Gau hartan Estebanek egina zuen arrakala desberdinen zerrenda errepasatu zuen. Horma, lurra, izotza. Orbana eta dolua. Gizarte gatazkak. Plakak. Beste bat falta zitzaiola ohartu zen, oroimenaren arrakala. Marianen barrea oroitzen saiatzen bazen ere, urtero barre hura zentimetro bat urruntzen zen, Islandia azpiko plakak bezala. Baina hor ere, horman kristala jarri zuen moduan, Marianen barrea entzuten zen aspaldiko grabazio batetik erreskatatu eta digitalizatu ondoren bere telefonoko alarma-soinu moduan jarri zuen. Horrela, goizero, Marianen ahotsa arrakalatik kanpora zetorren eta berak hormatik sartzen zen lehen eguzki-izpia bezala agurtzen zuen.
Hilabeteak pasa ziren eta udaberriak beste arrakala bat ekarri zuen. Eskolatik gora zetorren espaloian hainbat zartadura ireki ziren eta haietan txikori belarra jaio zen. Mirenek argazkia atera eta horma-leihoaren ondoan zintzilikatu zuen. “Lurra lore bat irteteko zabaltzen bada, zerbait esan nahi digu”. Estebanek ulertu zuen estali eta arnasa hartzen uztearen artean mundu bat dagoela. Arratsaldean zartatuen zegoen espaloi zatia konpondu zuen, baina loreak hazi ziren zuloak errespetatu zituen.
Ondoren, kalean eserita, zoriontasun geldi bat nabaritu zuen, bizitza arrakalekin eta zauriekin egiten duela aurrera, eta orban bakoitza sustrai bilakatu daitekeela norbaitek ureztatzen badu. Ahapeka esan zuen: “Mila esker arrakala, pasatzen uzten duzun bizitzagatik”.