Continue Reading" />

Maddalen

Etiketarik gabe Permalink 0

Maddalen negarrez iritsi zen eskolatik etxera. Zuzenean amaren bila. Ama aurkitu zuenean, eskuarien zituenak lurrera erortzen utzi eta are eta ozenago egin zuen negar. Zotinka. Amak zer zuen galdetu zion, zergatik ari ote zen negarrez. Maddalenek, zotina menderatu eta arnasa berreskuratu zuenean gertatutakoa kontatu zion.

-Ama, irakaslea egin ez dudan zerbaitegatik zigortu eta errieta egin dit. 

Amak ziztu bizian zapatak eta berokia jantzi eta Maddalenengana joan zen berriro.

-Zure hitza ematen didazu zuk ez duzula ezer egin, ezta?

-Ez ama, egunero errieta egiten dit, gaur zigortu egin nau, eta nik ez dut inoiz ezer egiten!

Ama oso haserre zegoen eta kotxeko giltzak hartuta alde egin zuen.

Eskola aurrean aparkatu eta eskola barrura sartu zen irakaslearen bila. Maddalenen amaren garrasiak aparkalekutik entzuten ziren. Kotxea hartu eta berriro itzuli zen etxera.

Etxera iristean Maddalen salako sofan zegoen txokolate otarteko bat jaten telebistari begira. Ama ondoan eseri zitzaion.

-Zer esan dizu? – galdetu zion amari.

-Ez diot ezer erantzuteko tarterik eman, baina entzun beharreko guztiak entzun behar izan ditu.

Maddalenek ogitartekoaren erdia zatitu eta amari eman zion. Biek batera egin zioten kosk txokolate ogitartekoari.

-Portzierto, Maddalentxo, zer da egin ez duzun hori? -galdetu zion amak murtxikatzen zuen bitartean.

Maddalenek ere murtxikatzen zuen bitartean erantzun zion.

-Etxeko-lanak!

Iruzkinak itxitak daude.