Aste osoa neraman gaizki lo eginez, urez betetako puxika baten moduan bueltak emanez. Eta halako batean Brinkoka inguruko erreka txoko batean arrantzan nengoela egin nuen amets. Ba ez, arrantzan sekula ibili gabekoa naiz. Amua bota eta dast, lehenengoan, aziume, Legatza eder bat, beno, ametsetan dena da zilegi. Aitortuko dizuet lanak eman zizkidala kanabera dominatzea, baina azkenean erreka bazterrera ekartzea lortu nuen. Sekulako trebezia erakutsi nuen amua minik gabe ateratzen inoiz egin ez nuen lana zela kontutan hartuta, bai badakit, ametsetan dena da… baina horretan legatzak eskuetatik irrist egin zidan eta zuhaitz enbor baten ondora egin zuen jauzi, lehorrean. Han zebilen saltoka zirkuko saltinbankien modura. Bat batean mugitzeari utzi eta begiratu egin ninduen.
-Zergatik egiten duzu hau? Seme-alabentzat afari bila nenbilen eta nire habitat naturaletik atera nauzu, ni akabatzeko asmoarekin!
Zur eta ur utzi ninduen.
-Ni ere nire seme-alabentzat afaria lortu nahian nabil, eta legatza dagoen prezioan… ohore bat beharko luke zuretzat!
Legatza astindu egin zen bere horretan. Gelditu eta berriro begiratu ninduen.
-Ohorea diozu? Ene bada… nola amestu daiteke ur gezako erreka batean legatza arrantzatzea…
-Hori ere gaizki iruditzen zaizu?
-Seme-alabak dituzu zuk ere beraz?
-Bai, parea, eta esango dizut legatza zaleak direla! Labean batez ere!
Amorruz bezala hasi zen berriro ere saltoka eta jauzika. Beldur nintzen halako batean enborraren kontra jo eta hortxe hilko zela. Oihu egin zidan. Min egin zion labearen kontua.
-Torturatzaile halakoa! Nik ere badauzkat zuk bezala bi legatza txiki! Oraintxe eskolan behar dute, baina gaur gauean egunero bezala, mania hori daukatelako, afaldu nahiko dute, eta afaria ez da han egongo, ezta ni ere. Gosez hilko dira gaur, eta bihar, eskolara joateari utzi eta afari bila irtengo dira, eta nork jakin, zure seme-alaben mahaian amaituko dute haiek ere. Eta nire bihotzeko legatza? Beste legatza bikote bila hasi beharko du eta…
Horrek pentsatu arazi egin zidan, nire seme-alabak gosez hiltzen, nire bikotekidea maitasun berri baten bila.
-Nire onetik aterako nauzu! Bale, ondo da, esaten ari zaren guztiak du bere zentzua, baina zer egin dezaket? Berriro errekara bueltan bidali?
Legatzak nahiko lan zuen arnasa hartzeko.
-Gehiegi eskatzea litzateke urez beteta duzun kubo urdin horretan sartzea eta zizare horiek nirekin partekatzea arazo hau konpontzen dugun bitartean?
Txisa guaro esnatu ninduen eta ordutik ez dut izan legatza haren berri. Ezin burutik kendi. Brinkola aldera Joan beharko dut halakon batean.