Continue Reading" />

Arratsaldeko airea

Etiketarik gabe Permalink 0

Atea kolpean itxi zen. Ate hotsak ohikoa baino sakonagoa zirudien. Oihartzuna airean zintzilik geratu zen; pasabideak zeharkatuz, argazkien markoak laztanduz. Hainbestetan, barreak, eztabaidak eta konfidentziak jaso zituen sofaren larruan pausatuz. Bikotea ez zen mugitu, atearen ondoan, isiltasun berri horri adi. Urte askoren ondoren ez zen etena, protagonista zen.

Ez zegoen tristurarik, ez eta poztasunik. Beste gauza bat zen: bertigo moduko zerbait. Denbora luzez itsasoan ibili ondoren lur ezezaguna zapaltzen denean bezala. Seme-alabek ez zuten ja gidaririk behar, ez baimenik, ez eta egunei forma eman zien etengabeko atentzio hori ere. Beraien destinoaren bila zebiltzan hor kanpoan ematen zuten pauso bakoitzarekin; hemen barruan, azken urte horietan guztietan etenda egon zen bizitza hori berriro abiatzen zen.

Elkarri begiratu zioten. Lotsaz hasieran. Tren geltoki batean eserlekua partekatzen duten bi ezezagunen antzera. Ondoren, elkar ezagutzeko hitz egin beharrik ez dagoen patxada horrekin. Han zeuden: emakumea ilea zilarrez zipriztinduta eta gizona urteetan zabalduz joan ziren bidexkak ziruditen zimurrez. Eta hala ere, lehen aldi hartako distira berdinarekin begiratu zioten elkarri begietara.

Harrigarria zen: bizitza oso bat igaro zuten elkarrekin, baina inoiz ez ziren hain bakarrik sentitu elkarrekin. Seme-alaben zalapartak guztia bete izan zuen, edozein isilune deseroso hausten zuen soinu banda. Orain ordea, isiltasunak aukera paregabearen aldarria jasotzen zuen.

Emaztea larruzko sofan eseri zen, eskuarekin kuxina laztandu zuen. Mundu berri baten larrua ukituko balu bezala. Senarra poliki gerturatu eta ondoan eseri zen, milaka aldiz egin izan zuen moduan, baina oraingoan desberdina izan zen: nolabait, orain ja ez ziren gurasoak, beraiek ziren berriro ere.

Beldur ziren, bai. Esku artean zuten denborarekin zer egin ezin asmatzearen beldur. Bien artean egin beharra bete izanaren oroitzapenak bakarrik geratzen zirela jakitearen beldur. Baina desira ere bazegoen: ordutegirik gabe pasioak ematearen desira, isiltasunaz gozatzeko desira, sukaldean inork etengo ez zien beldurrik gabe Benitoren kantu zaharrak kantatu eta dantzatzeko desira.

Bizitzak itzulera bat eskaintzen zien. Ez iraganera, hori sekula itzultzen ez delako, beraiengana itzulera alegia. Erdi irakurrita utzi zuten liburu baten antzekoa zen, eta orain, berriro helduko zioten utzi zuten orrialdetik, baina beste begirada batekin.

Berak bere ondoan egin zituen lehen ibilaldi haiek gogoratu zituen, gazteago zirenean eta guztia promesa bat zenean. Ezusteko bidaiak oroitu zituen, ezkutuko besarkadak, familia batekin amets egiten zituzteneko gauak. Nola barre arazten zuen ere oroitu zuen berak, egun gogorrenetan ere. Nola bere esku sendoa babesa izan zen zalantza uneetan.

Biek ulertu zuten maitasuna ez zela lerro zuzen bat, berriro une berera itzultzen den zirkulua baizik. Bi izan ziren, hiru ondoren, lau azkenen, eta orain berriro bi. Baina bi horiek ez ziren berberak, ez eta berdinak ere. Jakintsuagoak ziren, nekatuagoak seguru aski, baina askeagoak ere bai.

Emakumeak gizonaren eskua heldu zuen. Indarrez estutu zuen, berriro hautatzen duenak bezala. Gizonak barre egin zuen, ulertzen zuelako, oraindik ere elkar maite zutela. Ez zen maitasuna berriro asmatzea, maitasun hori berriro bizitzea baizik, partekatutako hainbeste urteetan lortutako orbanekin eta samurtasunarekin.

Jaiki eta leihoak ireki zituzten, guztiak. Arratsaldeko airea ongi etorri baten antzera sartu zen etxe guztira. Munduak biraka jarraitzen zuen hor kanpoan: zuhaitzek bere adarrak kulunkatzen zituzten, kotxeak marmarrean igarotzen ziren, eguzkia ekialdera zihoan, hortz-mugara. Bizitza han zegoen, beraien zain, maparik behar ez duen bidaia baten hasierarako prest.

Elkarrekin abiatu ziren sukaldera, eta batak kafea eta besteak infusioa prestatzen zituzten bitartean ahaztutako egitasmoez aritu zien, egin ez zituzten bidaiez, oraindik lortu zitezkeen ametsetaz. Maitasuna ez zitzaiela bidean amaitu konturatu ziren: moldatu egin zen, heldu, isilagoa baina sakonagoa bihurtuz.

Etxea, lehen ahotsez beteta, etapa berri baten lekuko izango da: besteentzat guztia izan eta gero, berriro elkarrentzako izango ziren, bata bestearentzat.

Iruzkinak itxitak daude.