Continue Reading" />

Youssef

Etiketarik gabe Permalink 0

Youssefek hantxe jarraitzen zuen, zutik, porlanezko bloke baten gainean, denborak han iltzatu izan balu bezala. Airean errauts usaina zegoen, burdin errearena; eta garai batean ahotsak gordetzen zituzten hormek orain hautsitako eskeletoak ziren. Gerra aurpegirik gabeko pizti baten antzera pasa zen bere kaletik, ateak, memoriak eta kantuak erauziz. Ordutik guztia geldik zegoen, haizeak dantza arazten zuen hautsa ez ezik.

Bere familia janari bila irten zen goiz batean. Amak ilea laztandu eta etxean geratzeko eskatu zion, oraindik etxea balego bezala. Berak kasu egin zuen, haurrek zintzotasuna hobetu ulertzen dutelako logika baino. Egunak aurrera joan ziren, agian asteak, eta ez zen inor itzuli. Baina Youssefek han jarraitzen zuen, hondamendian eserita, sendo jarraituz gero itzuliko zirela sinetsita.

Hondakinen artean ezinezko zerbait aurkitu zuen: arrosa bat. Harrien arteko arrakaletatik jaio zen, heriotzari desafio egiten zion hari berde bat. Youssef txikiak lortzen zuen ur tantekin zaintzen zuen: putzu batetik, ahaztutako plastikozko botila batetik… Harekin hitz egiten zuenean entzun egiten ziola iruditzen zitzaion, loreak bere amaren hitzak arnastuko balitu bezala, itxaropen itxura zuen isiluneekin erantzungo balio bezala.

Arratsaldero agure bat igarotzen zen bera zegoen lekutik. Poliki, burdinazko txorien karranka egiten zuten bere makuluen gainean asto zahar bati tiraka. Astoak alde banatan zakuto bana zeramatzan karga-karga eginda eta atzean gurdi zahar bat bidean aurkitzen zituen trastez gainezka. Agureak ez zuen askorik hitz egiten. Bere aurrean geratu, astoa laztandu eta zakutotatik ateratzen zuen ogi gogor zati bat ematen zion, esne pixka bat lata zahar batean eta ondoren bere bidea jarraitzen zuen. Munduarekin lotzen zuen keinu bakarra zuen hura. Youssefentzat agurea ekaitzaren erdian non zegoen erakusten zion itsasargiaren modukoa zen.

Baina arratsalde hartan agurea ez zen etorri. Eguzkia hondakinen artean odol zaharraren antzera isuri zen, eta haren zain beldurra korapilo egin zitzaion bularrean. Haurra ikaratu egin zen, ziztada bat nabaritu zuen sabelean, bazekien haren bila joaten ez bazen argi hura ere galdu egingo zuela. Alde egin aurretik ontzi zahar batean zuen azken ur tantak arrosaren ondoan bota zituen.

-Egon nire zain, itzuliko naiz.

Oinez hasi zen. Ez zuen auzoa ezagutzen ja: orbanak ziruditen kaleak, erauzitako begiak ziruditen leihoak, elbarritutako jostailuak bide bazterrean. Gerra txoko guztietan zegoen, ikusezina baina presente, ezkutatuta dagoen munstro baten antzera bere bizkarrean arnasten.

Agurea agertu ohi zen kalea jarraitu zuen, eskola zaharra zegoen muinorako bidean. Bere pausoak traketsak ziren harri artean, baina emandako bakoitzak gerturatu egiten zuen. Isiltasuna trinkoa zen, eta lurra zapaltzen zuen bakoitzean sortzen zen karraska arnas mozten zion.

Eskola zaharrera iristean, eraitsitako horma nagusiaren aho beltza topatu zuen. Barruan itzalak eta murmurioak. Eskolaren ondoko jolas parkea zenaren burdin-mordoaren erdian agurearen astoa. Irrintzi egin zion “hemen gaude” esan nahian bezala. Hura ere begiradarekin itxaropen zirrizturen baten bila zebilela zirudien. Youssefek eskolako ate zaharra bultzatu eta han ikusi zuen agurea lurrean etzanda. Izerditan, hanka lotuta, aurpegia zurbila eta begiak itxita. Begiak ireki eta haurra ikustean irribarre egin zuen.

-Etorri zara… -esan zion.

Haurrak bere ondora egin zuen korrika. Denbora luzean ezin irten izan zituen malkoak aurpegia erretzen zioten. Agureak bere esku dardartia luzatu eta ilea laztandu zion. Amak ere horrela agurtu zuen. Bere ondoan zaku bat zegoen ogi zahar koxkorrez beteta. Bai eta letoizko poteak tantaka jarioa zuen iturritxo baten ondoan.

-Gaur ezin izan naiz zuregana joan -esan zion eztulka bere hankako zauria erakutsiz. -ez nuen nahi zuk gose izatea.

Haurrak ulertu zuen agurea, arrosa, astoa eta bera gauza bera zirela. Izaki egoskorrak, ekaitzik gogorrenak ere itzali ezingo zituen lau gar txiki. Kontu handiz agurea zutitzen lagundu zuen.

-Goazen hemendik -esan zuen ahots berri batekin, isiltasuna bera baino ahots sendoago batekin.

Agurea gurdi zaharrera igotzen lagundu zuen. Astoa lepotik heldu zuen.

-Eramango al dugu aitona etxera? -eskatu zion gozo astoari.

Itzulerako bidea mantsoagoa izan zen. Zerua izarrez piztu zen, beldurraren oihalean zuloak bezala. Tarteka izar usoak ziruditen artefaktuak ere igarotzen ziren txistuka urrunean eztanda egiteko. Lurrak dardara egiten zuen. Etxera iritsi zirenean han zegoen bera, beraien zain: dardarka bera ere baina tente, gaueko arrosa distiratsua. Haurrak irribarre egin zuen.

Ezerezaren erdian lore gorri hura guztiontzat taupadaka zegoen bihotz bat zen. Zaintzen zuen bitartean, babesten zuen heinean, bazekien itxaropena izango zela.

Youssefek gau hartan agurearekin ogi zaharra eta isiltasuna partekatzean bazekien ez zegoela bakarrik. Bazekien ama, aita eta arreba nagusia ez zirela inoiz itzuliko, gerra basatiak irentsi zituela. Gerra gogorra zen, baina arrosa ere bai.

Iruzkinak itxitak daude.