Continue Reading" />

Azkurak!

Etiketarik gabe Permalink 0

Idazkariak Etxaniz ikaslea lagundu zuen eskolako zuzendariaren itxarongelara. Altuna, ikaskidea, zain zegoen han dagoeneko. Eserita. Aldizkari bat irakurtzen.

-Hemen itxaron, Etxaniz, berehala deituko zaitu zuzendariak.

Etxanizek Altuna agurtu zuen.

-Iep, zu ere zuzendariarengana?

Altunak irribarre seko batekin erantzun zion burua aldizkaritik altxatuz.

Idazkariak harrera bueltatu zuen.

-Aizu, barkatu! Baso bete ur?

-Jakina! -erantzun zion idazkariak alde eginez.

Etxaniz Altunaren ondoan eseri zen. Irribarre egin zion, eta honek erreparoz begiratu zion. Bere aldizkarira bueltatu zen.

Etxanizek itxarongela begiztatu zuen, argazkiak, margoak, eskolako logoa eta apaingarri guztiak arakatuz. Ondoren Altuna begiratu zuen.

-Ez dakit zer nahiko ote duen zuzendariak. 

Altunak sorbaldak altxatu zituen.

Idazkaria sartu zen plastikozko edalontzi batean Etxanizi ura eskainiz.

-Mila esker! -bota zion Etxanizek.

-Ez horregatik! -idazkaria harrera aldera bueltatu zen.

Etxanizek ur trago bat eman eta gargarak egiten hasi zen. Altunak begiratu egin zuen Etxaniz hau lotsa araziz eta ahoan zuen ura alfonbra dotorera botaz. Altunak begiak itxiz adizkarian ezkutatu zen.

Etxanizi azkura jarri zitzaion sudurrean eta hau zimurtuz saiatu zen azkura lasaitzen. Baina alperrik.  Sudurra batetik bestera mugitu zuen baina azkura gehitzen zihoan. Sudurra maukarekin igurtzi zuen, baina bere jaka oso latza zen azkura areagotuz.

 Altunak begi-bazterrez begiratu zuen, burua astindu eta irakurketarekin jarraitu zuen.

Azkenean sudur kanpotik hazka egitea erabaki zuen zuzenean, baina ez zuen ezer konpondu. Bizitza osorako azkura izango ote zuen? Galdetzen zion bere buruari dagoeneko bi eskuekin batera hazka eginez.

Etsi egin zuen azkenean. Ez zegoen beste erremediorik. Behatza sudur zuloan sartzea zen konponbide bakarra. Hantze zegoen azkuraren jatorria: erabat itsatsita zuen muki bat. Heldu, nolabait heldu zuen mukia, alperrik ordea! Ateratzea ezinezkoa!

Altunak behatza sudur zuloan eskumuturreraino ia sartuta zuen Etxaniz begiratu zuen. Horrelakorik.

Etxanizek behatza atera eta lotsa ezkutatzen saiatu zen. Parean zuen urre koloreko marko batean zegoen Gernika koadroaren poster bat begiratu zuen ezer pasa izan ez balitz bezala.

Handik segundo batzuetara bere abilezia berezi batekin gogoratu zuen. Txikia zenean fama eman zion lagun artean trebetasun hark. Mingaina atera eta ezker sudur zuloan sartu zuen. Zundatu ondoren Altunak begiratu zuen. Etxanizek beste aldera begiratu zuen. Altunak ere burua jiratu zuen nazkaz.

Etxaniz lasaitu egin zen, ondo atera zela zirudien. Baina jakin bazekien ditxosozko objektuak hantxe jarraitzen zuela. Bigunduko zelakoan behatza sartu zuen sudur barrunbean eta bai, orduan bai ateratzea lortu zuen. Begi Aurrera eraman eta arretaz ikertu zuen. Ondoren eskua buru atzera eraman eta hantxe desegin zen arroka zati likatsuaz. Listo. Arazoa konponduta.

Baina bat batean, o ez, azkura berriro ere. Non? Eskuin sudur zuloan! Eusten saiatu zen. Ezinezkoa ordea.

Behatza barrura. Altunak begiratu gabe bazekien zer gertatzen ari zen eta burua astindu zuen nahigabetuta.

Etxanizek arakatu, azkazalarekin heldu eta oraingoan bai, kanpora lehen saiakeran. Eskura ekarri eta ikertze lanak. Behatz artean ibili zuen. Disimuluz behatz artetik kentzen saiatu zuen, baina alperrik; likatsuegia zen. Saiatu eta saiatu baina ez.

Une horretan eskolako zuzendaria irten zen. 

-Hara, Etxaniz, Etxaniz… banuen zurekin hitz egiteko gogoa? -Eta bostekoa eskaini zion. 

Etxanizek eskaini beharreko eskuan zer zuen bazekien eta txistua irentsiz denbora geratzea besterik ez zuen nahi.

Isilune luze bat egon zen. Etxanizek ez zekin zer egin. Bere burua abiadura bizian zebilen, garbigailuaren zentrifugatzailearen pare. Azkenean ideia bat izan zuen.

-Zera, Altuna, badakit nire txanda dela, baina ni baino lehenago iritsi zarenez, nahi baduzu…

Altuna zutitu egin zen.

-Niregatik primeran! 

Zuzendariak harriduraz baina onartu zuen.

-Ez alde egin hemendik e! -bota zion zuzendariak Etxanizi

Altuna Etxanizen aurretik igarotzean honek bizkarrean zaplada eman zion jator, jakina harri koxkor likatsua bertan itsatsiz.

-Zorte on!

Altunak harriduraz jaso zuen bizkarreko zaplada eta Etxanizek irribarre ergel bat itzuli zion. Altuna eta zuzendaria bulegoan ezkutatu zirenean lasaitu ederra hartuta berriro eseri zen.

Isilik egon zen bizpahiru minutuz Gernika koadroari begiratuz. Eta bat batean berriro azkura.

Ez dizuet esango non.

Iruzkinak itxitak daude.