Continue Reading" />

Nora ote goaz?

Etiketarik gabe Permalink 0

Ez dakit nora goazen. Baina goazen leku horretara bagoazela argi daukat. 

Ez naiz ametsei esan nahia zukutzen dien horietakoa, baina bart amets bat izan dut. Oraindik ernaldu ere egin ez den nire biloba bat zen protagonista: 2renTwo.

“2renTwo haserre zegoen. Esnatu orduko “Motherrek” , amak, bere logela iKlasrum modura aldatu zuen,  eta lagunak aisialdi gune birtualean zeuden bitartean, bera “preso”  zegoen eskolako lanak amaitu arte. 2renTwo 14 urte betetzear zegoen, eta bost axola zitzaion historiako klasea, bost axola duela 26 urte gertatu zen hura. 20 urte! Jendea garai hartan azpigaratua zegoen, atera kontuak, lekuren bat ezagutu nahi bazuten bertaraino joan behar izaten zuten. Hori denbora galtzea! Deskubritu zuen jendeak agurtzeko elkar ukitzen zuela, burugabe batzuk batera ere egiten omen zutela lo. Tira, 2renTwok basati haienganako zero interesa zuen. Ez zen harritzekoa birusa iristean jende hura erabat babesgabe harrapatzea. 2renTwo informazio bila ari zela, bere motherren gazte garaiko instagram izeneko antzinako app bateko kontua topatu zuen. Garai hartan menpekotasun larria bizi zuten gazteek, beren argazkiak, une oroko argazkiak, bai ala bai, app horretan eskegi behar zituzten, ezbairik gabe. Esandakoa, 2renTwok 26 urte egin zituen atzera eta han aurkitu zuen bere motherren argazki bat. Argazkiaren oinak zioenez amonaren online festa omen zen. Horrela zioen. “Amonaren urtebetetze festa konfinamenduan. Zuek guztiak laztantzeko eta besarkada bero batean ito arte estutzeko gogoa! Ez dut gehiago aguantatzen etxean itxita”.  Sinestezina. Besarkatu? 2renTwok bazekien zer esan nahi zuen hitz horrek, baina zergatik? Zertarako besarkatu? Motherrek jende hori guztia ukitu nahi zuen? Erotuta al zeuden? 

Bere lana diktatzen hasi zitzaion iDazteiker bere robotari. “Birusa heldu zenean, nire gurasoak errebelde, zoro eta axolagabeak ziren. Jendea aurrez aurre ezagutu, harremanak izateko eta kontaktu fisikoa aldarrikatzen zuten. Nire gurasoak azkarrak ziren, baina jendartean ibiltzeak zuen arriskua ez zuten ezagutzen. Honek guztiak argi erakusten du 2030. urtean Urkulluk mundu mailako murrizketa sozial legea sinatu arte, zein burugabekoak izan ziren. Pozten nau gurasoak aldatu direla ikusteak. Gaur egun okurritu ere ez zitzaien egingo ni ukitzea, are gehiago nigana bi metro baino gertuagora hurbiltzea. Garai ez osasuntsuak amaitu ziren, mundu zoriontsu batean bizi gara orain. 2renTwok ordulariari hitz egin zion. “Mother, amaitu dut!” Bat batean, motherrek iKlasrum modutik Aisialdi modura aldatu zion gunea. 2renTwo lagunekin bat egin zuen aisialdi gunean. Jauzi birtuala!

Ama 2renTworen gelara sartzean  iklasrumeko horman oraindik instagrameko bere gaztetako argazkia zegoen. Hunkitu egin zen. Inork leihotik mother ikusiko balu, gaur egun ezinezkoa bada ere, negarrez ari zela esango luke, baina ezinezkoa da. Inork ez du ez negar ez barre egiten. Emozioak emojien bidez adierazten dira.”

Baina lasai, seguraski amets bat besterik ez da izan. Edo?

Iruzkinak itxitak daude.