Continue Reading" />

Babarrunak

Etiketarik gabe Permalink 0

Sinesgaitza da, bai, baina horrela gertatu zen. Irratietan, telebistetan… esatariek ez zuten beste konturik, estralurtarren erasoa berehalakoa zen. Ni, etxe azpiko gotorlekura eramateko jan-edanak pilatzen ari nintzen kartoizko kaxa handi batean. Ordu batzuk, egunak, hilabeteak… zenbat egun iraungo ote zuen egoera honek? Nork jakin! Baina hondamendi handiago baten aurrean nintzen bat-batean. Toth, gure etxeko txakurra, bezperan sobratutako babarrunen tuperra ireki nahian zebilen. Gotorlekura eramateko prest nituen. Hura zan hura larria sartu zitzaidana Toth babarrunez betetako tuper harekin borrokan ikusi nuenean!! Bere gainera egin nuen jauzi babarrunak berreskuratzeko asmotan.

-Eman hori, Toth! Badakizu kalte egiten dizutela!

Toth gotorlekura gurekin etorriko bazen, ezin zituen babarrunak jan, bestela gotorlekuan bizirik iraungo zuenik ez zen izango.

Emaztea sukaldera sartu zenean borrokan harrapatu gintuen.

-Jakin al daiteke zertan ari zaren? Estralurtarren eraso baten atarian eta zu txakurrarekin jolasean?

-Zoazte behera, sartu gordelekuan, ni berehala noa!

Ni borrokan jarraitu nuen Tothek ditxosozko babarrunak jan ez zitzan.

-Toth, txakur nazkantea… askatu babarrunen tuperra!

Baina Toth ez zegoen prest, izugarri gustatzen zitzaizkion, egiten zioten kaltearen pare. Beno, berari eta ingurukoei.

Bat batean, leihoetatik laranja koloreko eztanda moduko bat sartu zen, bristada, zast! Berehala desagertu zen. Hautsa eta argia garbitu zirenean hantxe zeuden bisitariak. Inoiz ikusi dudan gauzarik zatarrenak ziren. Arrosa kolorekoak, zikoina hankak eta laser pistolak esku banatan. Gu apuntatzen ari ziren. Beranduegi zen, bai, Tothek tuperra ireki eta babarrunak irentsi zituen nire despiste horretan. Estralurtarrak guregana zetozen, pauso sendoan esatera nindoan baina ez, pauso dardartian, zikoina hanka argalengatik nonbait. Eta orduan… “prrrrrrrrrrooooorrrt!”, Tothek puzkerra bota zuen.

-Ez, Toth, ez! Ostia!

Estralurtarrak garrasika hasi ziren, hara eta hona ihesbideren bat topatu nahian bezala balantzaka hasi eta lurrera seko erori arte. Banan-banan, plott.

Thotek buztana dantzatu zuen, begiak itxi eta beste “zera” bat erori zitzaion, “prrrrrort!”,  oraindik tente geratzen ziren azken bisitariak suntsituz. Plott, plott eta plott.

Handik ordu batzuetara, Eusko Jaurlaritzako kontseilari bat agertu zen Ertzaintzako goiburu batzuekin. Ezin zuten sinistu. “Babarrunak jan ondoren txakur baten puzkerrek hil dituzte estralurtarrak?” ANSAkoak ere agertu ziren. “Zure zakurraren puzkerren kontua egia al da? Posible al da?” ingelesez, noski.

Erabakia berehalakoa izan zen. Hura zen hura! Bat batean Arabar Errioxako mahasti guztiek babarrun ekoizpenengatik aldatu ziren, akabo Gernikako piperrak eta Getariako txakolina. Nafarroako baratzetako zainzuri eta abarrak kanpora, babarruna zen Euskal Herri osoko ekoizpen bakarra. Tolosa munduko hiriburu izendatu zuten. Mundu osora zabaldu zen erabakia. Bitartean txakur guztiei babarrun proba egiten hasi zitzaizkien, Tothi egiten zioten eragin berdina egiten ote zioten argitzeko. Txakur gudarosteak eratzen hasi ziren mundu osoan. Toth gure txakurra ospetsua egin zen. Nobelak, pelutxeak, telebista saioak, bere bizitza kontatzen zuten film eta telesailak… era guztietako merchandising-a gure Tothen irudiarekin.

Estralurtarren hurrengo erasoa iritsi zenean ez zuten espazio-ontzietatik jaisteko betarik ere izan, gure planetara gerturatzeko ere ez. Txakur armadek beren “zerak” jaurti eta lur planeta metano eta sufre laino batek inguratu zuen. Ez zen laino hura zeharkatuko zuen espazio-ontzirik.

Ezinbestean estralurtarrek amore eman eta lurtarrekin bake akordio bat sinatu zuen. Hori bai, estralurtarren eskaera izan zen babarrunen ekoizpena debekatzea. Lurtarrek asmo ona erakutsi nahian amore eman zuten eta gaur da eguna babarrunak lurretik desagertu direla. Mahastiak, Gernikako piperrak eta abarrak bueltatu dira gure baratzetara. Eskerrak. Babarrunak historia dira.

Tira, nik babarrun kilo pare bat gordeta dauzkat sukaldeko baldosa baten azpian, badakizue, badaezpada.

Iruzkinak itxitak daude.