Egongelako sofan botata nago, nire ondoan liburu bi, koaderno beltza, apunteena, boligrafoa, beltza hau ere, eta semeak jaso gabe utzi duen gitarra; pentsamenduak ere bueltaka, era guztietakoak, noraezetik noraezera eramaten zaituzten horietakoak; tira, eraman edo ekarri, hori ere ez dakit, ah, eta ordenagailua ere hortxe, pizturik magalean, baina ez dakit zerbait idatziko dudan edo telesailen bat ikusi. Ez dakit zer egin edozertarako gogoa dudalako, eta ezer behar ez dudalako. Kalera ematen duen leihora begiratzen dut. Etxe ondoko elizako argiak piztuta daude. Ez da igandea, ez da hileta baterako ordua ere ez… tira, niri bost etxe horretan zer antolatzen duten. Seme-alabak jolasean entzuten ditut hormaren bestaldean. Eta nik berdin jarraitzen dut, ez dakit idatzi edo telesailen bat ikusi. Eta hementxe nago, zein telesail ikusi bitartean hau idazten. Ez dut gehiago idatziko bestela ez dut telesailik ikusteko denborarik izango.
Xegun Altolagirre
Gidoigilea eta sortzailea