Egunero goizaldeko seietan esnatu eta jaikitzen da Lili. Kafea prestatzen du, berria. Egongelako kulunkarian eseri eta zurrutaka edaten du leihotik eguzkia irteten ikusten duen bitartean.
Katilua hustu eta eguzkia irten denean, sukaldera doa berriro ere. Han ontzi batean esnea jartzen du irakiten, baserriko bi ogi xerra bankuan pentsioa helbideratuta izateagatik oparitutako xigorgailuan sartu eta zai egoten da xigorgailuko ogiak jauzi egin arte. Gutxi gora behera esneak irakiteko behar duen denbora bera. Esneari arto ogia gehitzen dio eta hantxe edukitzen du borborrean, irratia piztu eta albisteak entzuten ditu. Tira, hori lehen zen, orain gorraizea du eta ezin ditu albisteak entzun, altuegi jarri beharko luke irratia eta bizilagunak esnatuko lituzke.
Isiltasunean gosaltzen du beraz, bere buruari denbora nora eta nola joan den galdetzen dion bitartean, ezkondu izan balitz bere bizitza nolakoa izango ote zen imajinatuz, familia bat balu. Dagoeneko bilobak izango lituzke, Mariak eta Sagrariok bezala, eta hurrengo karta jokorako elkartzean berak ere izango luke zer kontatua haren edo bestearen inguruan. Bere izeneko biloba bat izango luke, Lili. Eta imajinatu egiten du Lili txikia bisitan etorriko zitzaionean bataren eta bestearen arteko elkarrizketak, ia ezer esan gabe elkar ulertuko lukete, biak igualak izango liratekeelako, nolako egurra halako ezpala.
Bizilagunak esnatu direnean, orduan bai irratia pizten du. Manu Etxezortu dago berriketan, faktorian. Aspaldi entzuten du Euskadi Irratia. Gustuko du, Manu ere bai, baina pixka bat estutuz gero Jaime Otamendi gehiago gustatzen zaiola aitortuko du. Hura bai, gerora telebistan ikusi zuen, baina ez da gauza bera. Non ote da orain?
Albisteak ere asko aldatu dira. Lehen istripu gehiago zegoen, hegazkinen bat erori, trenen bat karriletik atera, autopistan pilaketak… albiste zalea da, tertuliak berriz ez ditu gustuko. Berak badu bere iritzia. Zertarako jakin nahi du besteena? Bere iritzia baino iritzi hobeak al dituzte ba irratira berriketan aritzera doazen horiek?
Irratia itzali eta zutik jarri da eskuak gerrian jarrita. Ingurura begiratuko du. Zer da bizitza? Hemen dago eta zer da ikasi duena? 40 urte baino gehiago andereño bezala herriko ikastolan besteen seme-alabei irakasten eta zer ikasi du berak? Zerbait erakutsi al dio bere buruari?
Telefono hotsak bere pentsamenduen zurrunbilo txiki horretatik esnatuko du.
-Nor da?
-Joxemari!
-Bai?
-Ez dakizu nor naizen!
-Ba jakina ezetz! Nola nahi duzu ba jakitea?
Gizonak barre egingo du.
-Joxemari, Zubialtzakoa!
-Joxemari Zubialtzakoa? Ez dut Joxemari Zubialtzakorik ezagutzen!
-Ez al duzu monjen eskola ondoan zegoen praileen eskola gogoratzen?
-Nola ez dut ba gogoratuko! Zahartuta nago, baina lepo gaineko eltzeak oraindik borbor egiten dit!
-Ba eragin eltzeari! Joxemari Zubialtzakoa!
Lili andereak kopeta estutuko du, izen horrek zalaparta sortu du bere eltze barruan. Eltzearen txoko ezkutuenean hortxe gazta aurpegi bat agertzen den arte, ile iluna eta kizkurra. Eta beste haur guztiekin desberdintzen zuen detaile bat. Bibotea. Sudur azpian itzal ilun bat zuen. Bere adineko beste inork ez zuen halakorik. Oso zatarra zen. Neska lagunik izan ez zuen mutil bakarra. Jakina, biboteak izua sorrarazten zuen. Ez duela oraoitzen esango lioke, horixe esango dio. Baina gogoak, asmoak eta nahiak nahastu egiten zaizkio azken aldian.
-Oraintxe gogoratu dut! Bibotea zuen mutiko bakarra!
Joxemarik eztarria garbituko du.
-Bizkaia alden bizi izan naiz urte askotan eta erretiroa hartzean nire sustraietara itzultzea erabaki dut! Baserrira. Zubialtzara. Animaliaren bat edo beste, lurra landu… badakizu… Zer iruditzen?
Lili isilik dago.
-Eta?
-Ba hauxe nire deiaren arrazoia… babarrunak landatu nituen eta orain uzta jasotzera joan eta gehiegi, aizu… eta nire barrualdean pentsatu dut, Lilik, seguru Lilik babarrunak nahi dituela!
-Babarrunak! Babarrunek kalte egiten didate, haizeak, badakizu… eta adin honetan haizetarako baino itsas bazterreko brisetarako gaude gehiago!
-Baina alperrik galduko zaizkit! Zure familiak agian… edo?
-Ez dut babarrunik nahi Zubialtzako Joxemari, eta orain axola ez badizu, gauza mordoa daukat egiteko. Egun ona izan.
Telefonoa eskegi eta kulunkarian eseriko da. Zer uste du ba horrek? Babarrunen kontuarekin engainatuko duela? Badaki zeren bila dabilen. 14 urte zituztenetik asmo berdinarekin ibili da. Eta argi esan zion lehen saiakeran. Bibotea kentzen ez bazuen alperrik zebilela.
Hurrengo egunetan Joxemari bibotedunaren aurpegia burutik kendu ezinik ibili da. Irribarre batek ihes egingo dio. Argi dago Joxemariri ere ez zaiola bere aurpegia ahaztu.
Gauean lo astuna izango du. Ametsetan. Lili Maria eta Sagrario lagunekin doa kaletik paseoan eta bat batean zuhaixka batzuen atzetik Zubialtzako Joxemarik salto egingo die atzetik. Lili korrika hasten da eta Joxemari atzetik. Lilik agudoago egingo du korrika, baina Joxemari oraindik atzetik.
Izerditan esnatuko da, bihotza taupakari. “Bibotedun nazkagarria!” marmarka. Ohean eseri eta izararekin haizea emango du aurpegian. “Bibotedun nazkagarria!”
Egunak aurrera doaz, asteak. Telefonoak jotzen duen bakoitzean pantailatxoan nork deitzen duen begiratzen du orain erantzun baino lehen. Ez dauka Joxemari nazkagarri horri esateko ezer, baina zergatik ez du deitzen?
Herrira gerturatzen den bakoitzean alde batera eta bestera begiratzen du. Kale nagusiko kafetegian, supermerkatuan, parkeko bankuetan… Joxemariren itxura izan dezakeen 70 urte inguruko gizonezko bibotedun baten bila. Igandean elizan ere begiratu du. Maria eta Sagrario beste parrokia batean dabiltza eta haiek ere ez dute Joxemariren aipamenik egin. Han agertu izan balitz badaki Mariak eta Sagrariok aipatuko zutela, bi sorgin horiei ez die ezerk ihes egiten. Beti jakiten dute dena.
Jakina, nazkagarria, biboteduna eta itsusia izateaz gain ateoa. Akabo. Horixe bakarrik falta zuen!
Aste askotan ondo pentsatu eta gero Lili Zubialtza baserrira gerturatuko da. Ziurtatu egin beharrean dago. Baserria ederra dago, ez zuen hain ederra gogoratzen, ondo zainduta. Loreak alde guztietatik, sagarrondoak, eta baserriko atarian txakur eder bat. Zuria, ile luzekoa. Betidanik izan ditu gustuko txakur handi ile zuri luzedunekoak. Liliren kotxe txikia gerturatzen ikustean txakur handi ile zuri luzeduna jaiki eta kotxera gerturatuko da. Ez da jaisten ausartuko. Gustuko ditu era horretako txakurrak, baina urrutitik ikusteko. Kotxeko ispiluetatik etxea begiratuko du eta inor irteten ez denez alde egingo du disimuluan. Nola ausartu da? Ene! Eskerrak inork ikusi ez duen.
Gau horretan Lilik babarrun sail batean korrika dabilela amestuko du. Ez du babarrun parren artean irteera aurkitzen eta bat batean babarrun ale guztiak gainera datozkio bere gorputza erabat estaliz.
Hurrengo egun osoa telefonoari begira pasako du, aurrera eta atzera. Arratsaldean berdin. Bero egiten du. Dutxa bat hartu, bata arin bat jantzi eta telefonoaren aurrean eseriko da afal ordura arte.
“Bibotedun nazkagarria! Itsusia bakarrik ez, gainera ateoa, arraioa!”
Hurrengo goizean seietan jaiki eta kafea egingo du. Beltza, benetako kafe beltza. Hor konpon deskafeinatua! Ondoren arrautza pare bat hozkailutik atera eta frijitu, urdaiazpikoa, piper gorri pikanteak eta gazta. Izugarri atsegin du gazta. Hor konpon kolesterola ere! Azken gosaria balitz bezala irentsiko du guztia. Hor konpon kolesterola eta hor konpon guztia! Hor konpon!
Kafea azken zurrut bat emanda amaitzen du, zutitu eta batera eta bestera hasiko da berriro. Urduri. Oinetan txindurriak balitu bezala. Leihotik begiratuko du. Eskuak igurtzi eta estutuko ditu. Begiak hara eta hona eta ziztu bizian logelara janztera joango da.
Minutu bi beranduago bere kotxe txikian doa, irratia piztuta. Manuren ahotsari Jaime Otamendiren ahotsaren antza hartuko dio. Bide nagusitik doa. Zubialtzara daraman bidegurutzean kotxea bertan uztea erabakiko du. Azken kilometroa oinez egingo du. Izerdi hotzak goitik behera astinduko du. Eta ezkonduta badago? Inguruko lorak eta txukuntasuna ikusita… Baina beranduegi da zalantzetarako, txakur handi ile zuri luzeduna zaunka eta begira du. Lili dardarka doa. Udazkeneko hosto lehor baten antzera. Ate ondora iritsi eta hau ireki egingo da. 70 urte inguruko gizon bat irtengo da. Ez du biboterik baina bera da, eltze gainean ere ez du ilerik. Burusoila da. Bera da, Joxemari. Zerbait esaten hasiko da baina Lili bere gainera etorriko da. Dar-dar egiten dio gorputz osoak, bihotza taupakari, bere kotxe txikiko motorraren antzera. Bere besoetan eroriko da. Besarkatu egingo du. Joxemariren usainak erakarriko du.
-Eta babarrunak? Non dira babarrun horiek? Bibotea kendu duzu azkenean!
Iruzkina uztea