Continue Reading" />

Loroa edo zorroa? Zoroa!

Etiketarik gabe Permalink 0

-Lapurreta baten parte eman nahi nuke.

-Momentu bat, papera eta boligrafoa hartuko ditut, eseri hor… ondo da, esadazu, zein koloretakoa zen?

-Urre kolorekoa.

-Urre koloreko loroa?

-Zer diozu baina? Zorroa, urre koloreko zorroa esan dut.

-Zorroa esan duzu?

-Zorroa bai, zorroa.

-Ah, zorroa…

-Bai, zorroa esan dut, lapurtu egin didate.

-Barkatu, loroa ulertu dizut, horregatik harritu nau… ez dut sekula urre koloreko lororik ikusi, zuk?

-Barkatu, berandu da, nekatuta nago, zorroa lapurtu didate… amaituko dugu honekin?

-Bai, jakina, bai… beraz, ze kolorekoa zen zure zorroa?

-Urre kolorekoa, urre koloreko zorroa.

-Urrezkoa, zuzen? Idatzi egingo dut… u-r-r-e-z-k-o…

-Urrezkoa ez, urre kolorekoa!

-Tira, bai, bai… eta non ikusi duzu azken aldiz?

-Autobusean, auzoetatik herrigunera daraman autobusean, bertan lapurtu didate.

-Primeran, ondo dago… baina galdera bat… Poloniako zein partetan zaudela uste duzu?

-Adarra jotzen ari zara?

-Ez ba! Oso serio nabil… Krakovia edo Varsovia?

-Ez bata eta ez bestea.

-Non lapurtu dizute orduan?

– Autobusean, auzoetatik herrigunera daraman autobusean!

-Hortik hasi izan bazina… ondo da, apuntatu egingo dut… eta zer zegoen barruan? Nola lapurtu dizute? Bota… gogoratzen duzun guztia…

-Herrigunera etorri beharra nuen, inprimagailurako tinta beltza erostera; eta euria ari duenez autobusean jaistea erabaki dut. Emakume handi baten ondoan eseri naiz autobusaren atzeko eserlekuetan, berea eta nire eserlekuak behar zituen… tira eta ni baino bi geldialditan jaitsi da. Udaletxe parera iristean eta jaistera nindoala, orduan konturatu naiz zorroa falta nuela. Barruan diru zorroa, giltzak, mugikorra, koadernoren bat, paperezko mukizapiak…

-Paperezko mukizapiak erabiltzen dituzu? Nik nahiago ditut oihalezkoak… barkatu… ea ondo ulertu dudan… inprimagailurako koloretako tinta erostera zindoazen, autobusaren aurrealdean zutik etorri zara eta bertan gizonezko bat egunkaria irakurtzen ari zela zu jaitsi egin zara eta orduan konturatu zara, mukiak kendu nahi eta mukizapia falta, tira, zorroa falta… ondo ezta? Zorro barruan, ileordea, berokia, tableta eta eguzkitarako krema zenituen… zerbait ahaztu dut?

-Zu leloa zara? Adarra jotzen?

-Zergatik ba?

-Uztazu, berdin dio…

-Segundo bat! Nire lankide batek oraintxe jaso duenez, lehen zorro bat ekarri dute! Zureak bezala honek ere ezti poteak eta golferako makilak zituen barruan… baina arazo bat dago, hau berdea da… ziur al zaude zure zorroa ez zela berdea?

-Utziko al didazu ikusten?

-Jakina… hauxe da…

-Ba bai, hau da. Eskerrak. Ba mila esker, orain barkatzen badidazu joan beharra daukat, inprimagailurako tinta beltza erosi behar dut eta dendak itxiko dizkidate.

-Pozten naiz, zure esanetara! Eta zure loroa agertzen bada, abisatuko dizugu. Krakoviako zein auzotan bizi zaren ez didazu esan? Urrezko loroa… hamaika entzuteko jaioak gara… ene… zoroa!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.