-Hara, ez zintudan zipriztindu nahi!
-Ez arduratu! Ez da erraza hemen ez zipriztintzea… hainbeste gaude!
-Ilun ere badago, ezta?
-Bai… denak bultzaka leku onena hartu nahian. Non ote gaude?
-Ez dakit… ontzi bat dirudi honek… tunel moduko bat… hortik aurrera jarriatuta aire librea!
-Benetan? Badut gogoa.
-Ni handik netorren zurekin topo egin dudanean.
-Aizu, galdetzea atrebentzia ez bada… zure ahotsa… ezaguna egiten zait… lehenago ere elkar ikusi al dugu nonbait?
-Nik ere horixe bera pentsatu dut. Zu izan al zara inoiz Legazpiko putzuren batean?
-Nik dakidala ez. Baina bainuetxe batzuetan bai egon nintzen. Zestoa Legazpitik gertu al dago?
-Ez dut uste, baina ni ez naiz sekula bainuetxe batean egon…
-Aizu… jakina, badakit, zu zara!
-Ni ni naiz, bai, baina… hara! Egia! Orain bai! Zu zara?
-Bai! Victoria ur-jauzietako ortzadarrean oroitzen zaitut… distiratsu…
-Harrituta nago, zurtuta, haluzinatuta!
-Zenbat aukera daude bi ur tantek berriro elkar ikusteko? Aukerak infinitesimalak behar dute!
-Hori zer da, asko edo gutxi?
-Gutxi, oso gutxi, ezinezkoa esango nuke nik!
-Zer egin duzu denbora guzti honetan?
-Batetik bestera ibili… Ozeano guztietan ibilia naiz, ez da itsasorik izango ni egon ez naizena… eta zu?
-Tira ez da erraza, nahiko deserosoa izan da…
-Ez nizun galdetu behar.
-Ez da ezer, glaziar baten izan ninduten preso.
-Benetan?
-Alaskan!
-Uau! Eta? Zer moduz?
-Hotza. Hotz handia, izugarria. Oroitzen dudan bakoitzean…
-Tira, ahaztu, orain libre zaude.
-Bai, eta eskerrak.
-Hemen gaude.
-Bai, hemen gaude… askotan oroitu zaitut… ortzadarrean, hainbeste kolore artean…
-Esango nuke elkarren ondoan egoteko sortutako bi ur tanta garela… hain zara gardena, freskoa…
-Zu ere ez zaude gaizki…
-Zoragarria izango da hemendik aurrerakoa…
-Zoragarria da dagoeneko.
-Eta hori? Entzun! Zer arraio da zarata hori?
-Txorrotada baten modukoa da… eutsi, mugitzen ari garela uste dut…
– Begira… argia ikusten da odiaren amaieran!
-Heldu!! Ontzi baten barrura erori gara! Ondo zaude? Heldu ezkutik berriro banandu ez gaitezen!
-Ur tantek ez daukagu eskurik!
-Zuk arrazoi… Bagoaz berriro… ilun dago hori… bagoaaaaaaaaz…
Zurrut.
Iruzkina uztea