Dango galdu egin da. Duela minutu gutxi batzuk bere ikaskideekin zihoan Dodo irakaslearekin basoan zehar.
Dodo irakasleak elefante txikiak basoan zehar eramaten ditu indiar lerroan. Egunero elefantetxo desberdin bati ematen dio guztien aurretik joateko ardura. Kasu honetan, gaurkoan, Dinga izan da aukeratua, berak izan du guztien aurretik joateko ohore eta ardura. Honen atzetik Dengu doa Dingaren buztanari helduta. Denguren buztana berriz, Dungek heltzen du, honen atzetik elefanteen herrira etorri berri den Digan eta azkena gure Dango. Bost elefantetxo txiki bata bestearen buztanari helduta lerro indiarrean basoan zehar Dodo irakaslearen begiradapean.
Dodo irakasleak beti esan izan du bost elefantetxo nahikoa direla, eta eskerrak.
Dango esna dagoela ere ametsetan bizi den elefantetxo jostalari bat da. Dodo irakasleak zenbakien inguruan erakusten dienean bere ardura bakarra da zergatik bederatziak alderantziz seiaren itxura daukan. Irakasgaia hitzen inguruan doanean berriz, alde batera edo bestera irakurrita berdin irakurtzen diren hitzen bila jolastea da bere kezka bakarra. Ama, amama, non… eta bere gustukoena, okerreko. Bai ba, egun osoa ametsetan, jolasean, despistearen despistean… Okerreko bidean. Dango elefante txikia da, ameslaria, bere buztanaren punta ikusteko bueltaka hasi eta zorabiatu arte hortxe egoten den horietakoa. Elefante gazteena da, inor gutxi oroitzen da bera falta denean.
Basoan zehar indiar lerroan zihoazela, tximeleta urdin eder bat ikusi zuen Dangok, eta gauza jakina da elefante gazte batek eta tximeleta urdin batek elkar topo egiten dutenean edozer gauza gerta daitekeela. Eta hara, gure Dango gazteak tximeleta urdin bat ikusi zuen aurreko elfanteari, Digani, bere tornparekin buztanari helduta zihoala. Tximeleta Dango elefantearen tronparen puntan jarri zen. Gustatu zitzaion Dangori. Begiak gurutzatu zituen, okertu, tximeleta ikusi nahi horretan eta tximeletak bere hego urdin ederrak astintzean eragin zuen haizetxo freskoak kilimak egin zizkion kopetan. Gustatu zitzaion. Tximeletak Dangoren begi borobil distiratsuak begiratu zituen, bere tronpa eta bere elefante azal gris latza. Oso elefante polita zela iruditu zitzaion eta agur moduko bat hegoekin marraztu ondoren alde egin zuen. Bai, jakina, Dangok, aurrean zuen Digan elefantearen buztanari helduta jarraitu behar zuen, nik ere berdina pentsatzen dut, baina ez zuen hori egin, zer egingo diogu ba? Ziztu bizian alde egin zuen tximeleta urdin ederraren atzetik. Eta hara eta hona ibili zen basoaren erdian galdu zen arte. Dango negarrez hasi zen, bere begi handi distiratsuetatik malko izugarri bana ihes egin zioten tronparen puntaraino. Oso malko handiak dira elefanteen malkoak, diotenez malko bakoitzean ortzadarraren zatitxo bat gordetzen dute.
-Zergatik egiten duzu negar, elefante txiki?
Dangok buelta eman eta han agertu zitzaion tximeleta urdin ederra airean bere bi hego urdinak astinduz.
-Galdu egin naiz…
-Ene bada!
Tximeleta Dango elefantetxoaren tronpan pausatu zen hegoak astinduz, Dangok begiak okertu zituen tximeleta begiratzeko eta negar egiteari utzi zion, gustuko zuelako tximeleta bere tronpatxoan ikustea.
-Zu Dodo irakaslearekin eta lerro indiarrean zihoazen elefante kumeen taldekoa zara, ezta?
-Bai, baina orain ez dakit non dauden. –erantzun zuen Dangok hasperen eginaz.
-Aintziran ikusi ditut duela gutxi, gidatuko zaitut… baina ez ezazu hasperen egin, bestela irentsiko nauzu!
Tximeletak Dango elefante txikia gidatu zuen aintziraraino, bertan zeuden bere elefante lagunak eta baita Dodo irakaslea ere. Dodo irakasleak azti dohainak dituela esan izan da, eta badirudi une oro zekiela Dango elefante txikia non zegoen. Dodok bazekien Dangok tximeleta urdin bati laguntza eskatu bazion, eskarmetua hartuta beharko zuela.
Baina bakoitza den bezalakoa da, guztiak gara garen bezalakoak, eta Dango elefante txikia jolastia eta ameslaria zen. Eta oraindik ere zain dago, bere buruari galdetzen dio egunero aintzirako uretan bere burua islatuta begiratuz berari ere bi hego urdinak irteten zaizkionean tximeleta urdina bezain ederra izango ote den…
Iruzkina uztea