Continue Reading" />

Xanti mediuma

Etiketarik gabe Permalink 0

Xanti mediumak bere behatzarekin gelako bazter bat erakutsi zigun.

-Begira! Hor zerbait dago! Zerbait… zerbait… izugarria, beldurgarria…

Lastargi batek norabide hartan argitu zuen. Hil-oihal batek gugana begiratu zuen. Horrela ematen zuen behintzat.

-Zer da? –oihukatu zuen gazte ilegorri batek.

-Lasai… egon isilik… -esan zuen Xanti mediumak. Besoak ireki eta inor ez gerturatzeko agindu zigun.

-Nor zara zu? Zergatik zaude hemen? -ahots sakon eta sendoaz.

Formak leihoa seinalatzen zuen.

-Zerbait gertatu da hemen? Zer jazo zaizu?

Forma beldurgarriak baietsi egin zuen. Kristal hotsa entzun zen. Han zeudenak garrasi egin zuten.

-Nahikoa da! Agerpen arrunt bat da, kaltegabeko seinale bat. Zaudete lasai! -oihukatu zuen.

Xanti mediumaren atzean zegoen morroikote bat balantzaka hasi, gure aurrean belaunikatu eta kuzkurtu egin zen lurrean. Bazter batean zegoen formak lepoa zeharkatu zion hatz forma zuen zerbaitekin.

-Zer gertatu da? Salbu ginela ez al duzu ba esan? –hasi ziren bisitariak garrasika eta oihuka..

Haize-bolada izoztu batek gela zeharkatu zuen. Xanti mediumak atzera egin zuen, isiltasun osoa.

-Oi ene jainkoa! Izaki hau itzal bat da, goazen hemendik, lehenbailehen! –oihukatu zuen mediumak isiltasun izoztua hautsiz.

Oihuka eta garrasika irten ziren guztiak gelatik. Xanti mediumak lurrean kuzkurtuta zegoen zauritutako morroikotea jaikitzen lagundu eta hauek ere atera zuzendu ziren. Itzalak atzetik jarraitu zituen.

-Irten guztiak kanpora! Bestela gureak egin du… agudo! Ez atzera begiratu! –oihukatu zuen.

Bisitariak Galduskako gazteluaren atetzarrera iritsi ziren. Xanti mediuma arnasestuka iritsi zen, zauritutako gizonari eskailera hotzetan esertzen lagundu zion.

-Sentitzen dut… gaur espirituak lokartuta izango zirela uste nuen, Xamani zaharraren gaua da… Itzal itxurako izaki hauekin topo egitea ez da oso ohikoa,  oso arriskutsuak izan daitezke!

-Eta gizon hori? Sendatuko da?

-Gutxiagatik libratu da. Egun batzuk barru ondo izango da. Eskerrak agudo ibili garen, bestela zer gerta zitekeen pentsatzeak ikaratu egiten nau… oso damututa nago gaur gertatutakoarekin… axola ez bazaizue gaurko bisita amaitutzat emango dugu…

Bisitariek autobusera igo eta aparkalekua hustu zuten. Xanti mediuma eta zauritutako morroia bakarrik geratu ziren.

Gazteluko ateak kraska egin zuen. Xanti mediumak atzera begiratu eta itzal ilun bat gainera etorri zitzaion.

-Lan ona, seme, gaur bikain aritu zara!

Itzalak kaputxa beltz bat kendu eta eskaileretan eseri zen.

-Zuek ere ez zarete atzera geratu! Zenbat jaso dugu?

Xantik diru poltsa astindu zuen txanpon hotsa eraginez.

-Anjel! Esnatu… bisitariak joan dira! Ni ere engainatu nauzu ia! Kar, kar, kar…

-Ke makinak ederki funtzionatu du! -bota zuen Anjelek, zauritutako morroiak.

-Ilegorria garrasika entzun duzue? Barreari ezin eutsi egon naiz!

Xantik bere bi lankideen ilea harrotu zuen.

-Osaba Jesusen kotxe zaharra zirudien garrasika!

Anjelek telefono mugikorra atera zuen.

-Pizzak eskatuko ditut… betikoa?

Baietsi egin zuten. Altxa eta barrura sartzen hasi ziren.

-Datorren astean ezingo naiz etorri… nahi baduzue tailerreko Beleni abisatuko diot nire lekua hartzeko.

-Belen? Ez arren… etortzen den bakoitzean pizzarik gabe uzten gaitu! Kar, kar, kar…

Barreka sartu ziren gaztelura.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.