Dolores etzaulkian jarri da. Etzan egin da. Etxeko nagusiak, Mitxelle anderea eta Rolan jauna kanpoan izango dira egun osoan eta berak atseden hartu ahal izango du eta kuxkuxean ibili eta beraien ohean etzan eta Mitxelle anderearen arropak ukitu eta zergatik ez, soineko bat edo beste probatu eta setazko barruko arropak laztandu eta bere lurrina gozatu. Inguruko hormetako margoak begiratuko ditu, jakizu zein garaitako pitxarrak, altzariak. Rolan jaunak hemen hartzen du atseden, begiak isten ditu hantxe, bere ondoan dagoela imajinatuz, bata besteari pegatuta, bere ezpainek masaila igurzten, hitzak xuxurlatuz. Askotan egiten du horrekin amets: gauza horiek imajinatzen ditu, horiek eta gehiago. Zerbitzaria dela ahazten saiatzen da, Rolan jaunaren maitale sekretua dela jokatzea atsegin du, han, ondoan, etxeko zerbitzuaren geletan. Ez, ez luke egingo: berak asko maite du bere emaztea. Mitxelle andereak dohain asko ditu berak ez dauzkanak. Baina zergatik ez amets egin, imajinatu, jolastu, plantak egin… askotan egiten du, bai eta lanean ari denean ere. Oheko izarak aldatzen ari dela Rolan jauna sartzen dela imajinatzen du, ohe gainean botatzen duela eta izarazpian galtzen direla. Ametsak, jakina. Bera sekula ez da logelan sartzen bera lanean dagoela, eta inoiz sartu bada, lotsatuta alde egin du.
Etzaulkitik altxa eta hasperen egiten du. Lana du. Senar emazteak itzultzean lanak eginda egotea esperoko dute. Mitxelle andereak seguru. Etxe guztia begiratuko du lanak eginda dauden edo ez ziurtatzeko. Altzarien gainean hatza pasako du hautsa dagoen edo ez ikusteko. “Non da parpaila zuridun setazko nire soineko urdina?” –galdetu zuen behin- “Hemen ez dago. Non jarri duzu? Behin baino gehiagotan esan dizut gauza bakoitzak bere tokia duela eta…” Beti kexaka, beti hasperenka, beti marmarka. Baina Rolan jauna ez, bera ez da kexatzen. Berak emeki eskatzen dizkio gauzak, mesedez ia; agian hori egin dezakezu, edo hura, ahal baduzu… “Dolores, ontziteria garbitu ondoren liburutegian utzi nuen karbono dioxidoaren inguruko liburua bilatuko bazenu, bertan utzi nuen eta ez dut topatzen”. “Bai, nik hartu nuen, berehala bueltatuko dizut, zoragarria iruditu zait”. “Benetan zoragarria iruditu zaizu?” Galdetzen dio Rolan jaunak eskuetatik helduz eta bere begi urdinekin begiratuz. “Ez nuen inoiz ere imajinatuko, karbono dioxidoa…” esaten dio eskuak askatu gabe.
Leihora gerturatuko da. Euria ari du. Busti egingo dira agian. Erabat blai eginda itzuliko dira. Bereziki Mitxelle anderea. Bere amorru aurpegiarekin soinekoa kentzen laguntzeko aginduko dit, “ez zaitez hor geratu ahoa zabalik tentel aurpegi horrekin, egizu zerbait!”
Doloresek behatz batekin marrazkiak egingo ditu leihoko bapañoan kanpoko ur tantak jarraituz. Kalea hutsik dago. Inor ez bistara. Badaki lanera bueltatu behar duela, baina ingurua begiratzea atsegin du nagusiak etxetik kanpo daudenean, beraien logela arakatu, bitxiak probatu, tiraderetan murgildu. Leihotik urrundu eta logelatik irtengo da, pasabidean zehar doa eta eskailerak igoko ditu, binaka, jauzika, urduri. Nondik hasi? Zer egin? Azkenekoan Mitxelle anderearen jantzitegian sartu eta bere soinekoak, alkandorak eta setazko galtzak jantzi zituen logela ondoko ispilu erraldoiaren aurrean paratuz. Tiraderetan ere begiratu zuen, agian bitxi galduren bat, andereak faltan botako ez zuena. Baina ez, Rolan jaunaren logelara joatea erabakiko du. Iristean sartu eta atea itxiko du bere atzean. Bere usaina dago. Bere ohera gerturatu eta bertan etzango da. Begiak itxi eta bera ondoan duela imajinatuko du. Eskua luzatuko du oihal leunaren gainetik. Baina inor ez. Bakarrik dago. Burua jiratu eta Rolan jaunaren burua egongo litzatekeen lekura begiratuko du. Leuna baina sendoa, bere masaila hemen dago, behatzekin laztanduko du bere hutsunea. Behin, kanpora joan ziren beste batean, biluztu eta ohean etzan zen, kitzikatu, eszitatu egin zen oihal leunaren gainean bere usaina hartzen zuen bitartean, ia erotu zen bera han agertu izan balitz zer gertatuko ote zen amestuz. Baina ez zen agertu jakina, jaiki, jantzi eta bueltatu zirenean plantxa-gelan zegoen arropak lisatzen.
Ohetik altxa eta armairua irekiko du. Berokiak, trajeak, kapelak, gorbatak. Airea arnastuko du. Beroki bat usainduko du. Bere usaina. Masailarekin laztanduko du berokia. Berokien azpian, beheko apalean zapatak antolaketa harmoniatsu batean. Mugitu egingo ditu, ondo lerrokatuz, kolorearen arabera, lokarri dunak, botinak, mokasinak… Doloresek berak egiten du egunero. Armairua itxi eta leihora begiratuko du. Han imajinatu dezake, kanpora begira, eskuak bizkarrean jarrita, buruarekin mugimendu leunak eginez, nekea gainetik uxatu nahian bezala. Leihora gerturatuko da. Euria gogoz ari du, leihoen kristalaren kontra dator. Doloresek hasperen egingo du.
Lanera itzuli behar du nagusiak bueltatu aurretik. Afaria prestatu behar du, arropa antolatu, arropa lisatu, altzariei hautsa kendu, komunak garbitu. Eta leihotik urruntzera doanean… Rolan jauna han dago, begira. Rolan jauna bustita dago, itsasoan arrastaka eraman izan balute bezala. Isilik begiratzen diote elkarri. Begiekin ahora begiratzen diote, begietara, ahora berriro… ezpainak ireki eta berriro itxiko zaizkie arrain txikien modura. Rolan jaunak begietatik euri arrastoak lehortzen ditu, eskuak beroki hezean lehortzen ditu. Doloresek inoiz ikusi izan ez balu bezala begiratuko du. Bihotza irten beharrean dauka.
“Dolores, ez zaitez hor geratu ahoa zabalik tentel aurpegi horrekin, ez duzu ikusten blai gaudela? Egizu zerbait!”.
Mixel anderea logelatik irtengo da.
Berokia kentzen lagundu dion bitartean eskua laztandu dio ezkutuan.
Berokia kentzen lagundu dion bitartean eskua laztandu dio ezkutuan.
Doloresek begiak itxiko ditu.
Iruzkina uztea