Bart amets egin dut. Neska lagun holandar bat nuela egin dut amets. Erasmusen ezagututakoa. Brenda omen zuen izena. Ederra. Jatorra. Ederra. Tren geltokira agurtzera etortzen zenean trenaren atzetik korrika egiten zuen. Loreak eta bonboiak oparitzen zizkidan. Bonboiak, txokolate txurikoak, berak jaten zituen. Eta loreak, tulipanak beti.
Behin bere etxera gonbidatu ninduen. Maastricht-eko bere ikasle etxera. Azpizuna prestatu zuen, saltsa zoragarri batek lagunduta eta garnizio ikusgarri batekin, baina sorpresa bat zen eta ezin nuen begiratu, ez eta lagundu ere. Hantxe egon nintzen, sofan eserita, ulertzen ez nuen telebistari begira. Ordubete pasa. Baina platerak sukaldetik jangelara zekartzala lurrera erori zitzaizkion, brausta. Lurra moketaz apainduta zegoen, eta azpizunak bere saltsa zoragarri eta garnizio ikusgarriarekin buruz behera erori ziren (Murphy-ren legean tostada erortzen den bezala, bai). Ahal izan genuen bezala ahal izan genuena jaso eta hura izan zen gure afari erromantikoa.
Beste behin pasiatzera eraman ninduen. Nik ez nuen ingurua ezagutzen. Han ere sorpresa galanta eman nahi izan zidan. Muskuluak jatera eraman ninduen erreka bazterreko taberna zulo batera. Muskuluak maionesarekin eta patata frijituekin. Oso leku bitxia omen zen. Inork ezagutzen ez zuen horietakoa. Nabarmena zen. Maionesa hura noiztik eginda ote zegoen misterioa da. Astebete eman nuen komunean eserita.
Hurrengoan ezusteko bat prestatu zidala esan zidan. Nik ezetz, ez zela beharrezkoa. Baina berak baietz eta baietz. Eta jakina, baietz, nola ez. Sorpresaren hasiera trena hartu eta bidaia bat egitea izan zen, liluratuko ninduen hiri bat erakutsiko zidala esan zidan. Begiak estali zizkidan ezustekoa, sorpresa handiagoa izateko. Trenera igo eta itsu itsuan egin nuen bidaia osoa. Orduak eta orduak. Norabidea ere ez nekiela. Halako batean, “Iritsi gara, hau da gure geltokia!”. Begietatik estalkia kendu eta hiria erakutsi zidan, goitik behera. Hiri hartan pasa genuen asteburu osoa. Asteburu osoa ezagutzen ez nuenaren itxurak egiten. Nola esango nion ba hiri hura ezagutzen nuela? Ezustekoa izorratuko nion. Ezustekoa nik emango nion bere sorpresa sorpresa ez zela esanda. Baina nola ez nion ba esango? Eta ezustekoa izorratuko nion.
Baina nola zen posible? Donostia nik berak baino hobeto ezagutzen nuen. Baina berak Donostiakoa nintzela jakin eta San Sebastian erakutsi nahi izan zidan. Haserre itzuli zen Maastricht-era. Txokolate txuriko bonboi kaxa batekin baina tulipanik gabe. Ez genuen berriro ere elkarren berri izango. Tira, ordutik gorroto ditut ezustekoak. Eskerrak ametsa izan den. A ze ezustekoa!
Iruzkina uztea