Continue Reading" />

Ene bihotzeko Maite…

Etiketarik gabe Permalink 0

Ene bihotzeko Maite…

Bart gauekoa ahaztezina izango da, nire bizitzako gaurik zoragarriena. Jatetxeko mahairen beste aldetik zure begiei begira nengoela hipnotizatuta geratu nintzen zure edertasunarekin. Zu nirekin mahaian egoteak sortzen zidan harrotasuna deskribatzeko hitzik ez daukat. Ingurukoen begirada inbidiatsua nabari nuen, baina ni nengoen inoiz inon sortutako edertasun izugarri harekin, elkarrekin. Musika, giroa, janaria eta jakina, zurekin egoteak, inoiz ez ditut ahaztuko.

Pena izan zen sarrerako zizka mizkak iritsi aurretik alde egin behar izatea. Itxura ederra zuten. Jakina, nola ez dut ba ulertuko berehala joan behar izatea? Hitza eman zenion zure koinatari katua zainduko zeniola eta emandako hitza bete egin behar da, horrek zure izaera eskuzabala erakusten du. Neke kronikoaren sindromea entzun eta dortoka batez ari zinela pentsatu nuen, baina katu bat? Horrek larrialdiaren neurria erakusten du. Ziur nago zure zaintzapean Kixmi, (Kixmi zen ezta? Oso txarra naiz izenekin), ziur nago berehala osatuko dela katutxoa. Ez dakit Kixmirekin igaro behar izan zenuen denbora horretan nire ezkontza proposamenaren inguruan hausnartzeko tartea izan zenuen edo ez. Badakit pentsatuko duzula oso bat-batekoa izan dela, agian agudoegi noala atzo ezagutu ginela kontutan izanda.  Niri ere pentsatzen jarrita hainbat zalantza sortzen zaizkit; soka laukotea kontratatu nuenean oraindik nolakoa zinen ez nekien eta horregatik errepertorioa nire gustuen arabera aukeratu nuen. Nola jakingo nuen ba regeton zalea ez zinela? Jatetxean sartu eta abesbatza osoa untxiz mozorrotuta ikustean oihu egin zenuenean poz oihua ez zela izan pentsatzen hasita nago ere, baina inauteriak ziren, ideia dibertigarria iruditu zitzaidan. Ez daukagu gustu berdinak izan beharrik, bata bestearen osagarri izan gaitezke. Hori bai, xanpainarekin asmatu nuen! Inoiz ikusi gabe nengoen xanpan kopa bi jarraian trago bakarrean edaten zuen inor! Zurea eta nirea! Zurearen barruan zegoen konpromiso eraztuna irentsi zenuen konturatu ere egin gabe. Nolakoa zen ikusi ere ez zenuen egin. Baina ikusiko duzu komunera zoazen hurrengoan.

Hain nago ukituta harreman honekin. Eta zu? Tira, ez zaitut estutu nahi, hartu behar duzun denbora guztia.

Nire zuganako maitasuna hain da sakona… Hurrengo zitan hitz egingo dugu etorkizunaz. Ostiralean libre nago ondo badatorkizu. Asteazkena eta osteguna ere egun onak dira niretzako, baina astelehen eta asteartean ere zurekin afaltzeko tarte bat egingo nuke, ez baitaukat beste zereginik, benetan. Edo gaur bertan, zergatik ez? Nahi baduzu agentziarekin hitz egiten duzunean beraiei esan noiz datorkizun hobeto. Zuk esan. Zure datuak eskatu ditut agentzian zurekin zuzenean harremanetan jartzeko baina ezin dizkidatela eman esan didate. Badakizu, burokrazia. Nola nahastu daiteke maitasuna eta burokrazia? Tira! Agentziaren web-orrian sartu naiz baina zure daturik ez da inondik agertzen, ez dakit zurekin harremanetan nola jarri. Suposatzen dut orain nirekin zaudenez datu basetik zure perfila ezabatzeko eskatu duzula. Nik ere berdina egingo dudala uste dut. Orain elkarrekin gaude. Ez daukagu agentzia beharrik.

Oso luze egingo zait hurrengo hitzordura arte itxarotea, berriro zure edertasunean murgiltzeko deseatzen nago, Maite… (Maite zinen ezta? Izan ere ez genuen hitz egiteko aukera handiegirik izan eta esan dizut lehenago ere izenetarako oso txarra naizela).

Besterik gabe, zurea den Astolfo

(Nahiago dut nire benetako izena ez eman gurea gaizki amaitzen bada ere. Kontatuko banizu aurreko ostiraleko zitarekin gertatutakoa? Zurekin sortu dena desberdina da ordea).

P.D. Komunean libratzen zarenean eta eraztuna berreskuratzen duzunean, jakin arazi. Urteak eman ditu eraztun horrek gure familian. Nire osabaren osaba batek bere emaztegaiari oparitzeko gordeta zuen neskatoa estralurtarren bahiketatik bueltatzen zenerako. Ez zen sekula itzuli. Gizajoak ez zuen sekula jakin estralurtarrena emaztegaiaren aitzakia izan zela ihes egiteko.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.