Continue Reading" />

Epaimahaikide baten uste, aburu eta zalantzak…

Bart eman nion nire hasiera partikularra Donostiako Zinemaldiari. Eta era diferentean aurten. Euskal Gidoilarien Elkarte Profesionalak urtero ematen duen euskal gidoirik onenari saria emango dion epaimahaikide naiz. Aurtengo uzta osatzen duten filmen artean sei dira hautagaiak. Informazio hori gorde egingo dut. Oraingoz.

zinemira-euskal-filmak-zinemaldia-zinea-eus

Zine jaialdi gehienetan eskaintzen da sariren bat gidoirik onenari, baina nola baloratu film baten gidoia ikusle gisa? Noiz amaitzen da gidoi bat? Gidoilariak idazten amaitzen duenean? Zuzendariak gidoi horri bere ekarpenak egiten dizkionean? Eta behin ekarpenekin hasita, aktore eta aktoresek ere egin dute berea, ezta? Eta ez hori bakarrik, murrizketak ere izaten dira. Produktoreen aurrekontuek askotan moldaketak eskatzen dituzte, eta moldaketa horiek gehienetan gidoiak proposatutako hainbat arloen kontra joan daitezke. Badago gidoiak etenik gabe bizi irauten duela dioenik, are gehiago, ikusleek ere bere ekarpen propioa egiten diotela istorioari. Beraz, zineman sartu, gure butakan eseri, aretoko argiak itzali eta filma hasten denean… Non da gidoia? Zer da gidoia eta zer da beste “aktoreen” ekarpena?

Zinematik irteten garenean askotan hiru argudio izan ohi ditugu hizpide. Premisa, argumentua eta batasuna. Hau da, zertaz doa, zein da istorioa eta istorio hori kontatzeko modua. Azken finean gidoi baten sorreran izaten diren hiru oinarriak. Zer kontatu nahi dugu, kontatu nahi dugun hori azaltzeko kontatu nahi dugun istorioa eta kontatzeko modua. Beste gako batzuk gehitzea ere posible litzateke, baina oinarrian horiei heltzen diegu boteprontoan.

Baina zer punturaino doaz loturik gidoi on bat eta film on bat? Zuzendari batek gidoi txar batekin film on bat egin dezake, eta alderantziz berdina gertatzen da jakina. Eta horretan datza, gidoia eta filma bisturi moduko batekin banatzen saiatzea.

Adibidez: X pertsonaia itsasontzi batean hortz-mugara begira doa eta bere begiradaren indarrak butakari itsasten gaitu. Ondo da. Baina nola dago irudi hori gidoi batean idatzita? Seguru aski horrelako zerbait idatzi zuen gidoilariak: “Maialenek, protagonistak, urrunera begiratuko du albistea jaso ondoren” Hortik aurrerakoak ezin dira jakin. Errodajearen baitan egongo da, zuzendariaren eskuetan, aktorearen gaitasunean.

Gidoi bat baloratzeko orduan beraz, ezin gara ikusten ari garen horretan soilik oinarritu, ikusten ari garen horretan gidoilariak zer idatzi zuen ebatsi beharko genuke. Ez da lan erraza. Jakina. Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

Tira ba, aretoz areto nabilen bitartean horretan joko dut astea. Asmatzen saiatuko naiz.

 

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.