Simonek begiak irekitzean bere aurpegitik zentimetro gutxi batzuetara zetorkion metal zorrotza ikusi zuen. Hasieran ilusio optiko bat izan zitekeela pentsatu bazuen ere berehala konturatu zen egiazkoa zela, objektua eskuarekin heldu eta eskua gurina balitz bezala batetik bestera zeharkatu zionean. Iltzatuta geratu zitzaion, kendu nahian zebilen, eskua erre zion, ondoko iturri azpian sartu eta punta zorrotzeko metal goria beste eskuarekin tira eginaz atera zuen. Harrituta zegoen, ez zuen minik bere eskua sutan zegoela bazirudien ere. Eskua iturriko putzuan sartu eta berriro ateratzean eskuko zuloa begiratu zuen. Betidanik hor izan zuela zirudien.
Eskua altxatu eta eskuko zulotik begiratu zuen. Ikusi zuenak harritu zuen. Zuloaren beste aldean inoiz ikusi zuen izakirik zoragarriena zegoen, ederrena. Ikusi zuen horrek oraingoan bihotza iltzatu zion.
-Nor zara zu? –galdetu zuen hitz totelka.
-Ni zure maitalea naiz, nahi baduzu, jakina. –Erantzun zuen musika zirudien ahots goxo batek.
-Jakina nahi dudala, jakina nahi zaitudala. Zergatik ez? Inoiz ikusi dudan emakumerik ederrena zara.
-Horrek nirekin ezkonduko zarela esan nahi du?
-Nola ez ba? –erantzun zuen Simonek eztarria garbituz. –Nire emaztea izan nahi duzu?
-Bai, zure proposamena onartzen dut.
-Nola duzu izena? –galdetu zuen Simonek eskuko zulotik begiratzeari utzi gabe.
-Anduriñe… nire izena Anduriñe da.
-Izena ere perfektua duzu. Zure moduko izaki eder eta goxoarentzat ezin aproposagoa, Anduriñe… Ni Simon naiz, zure Simon!
Simonek eskua begi paretik kendu zion, eskua bitartean zela izan gabe bere bizitza guztirako hitza eman zion emakumea begiratu eta oihu batek egin zion ihes.
-Zu ez zara nire eskuko zulotik ikusi dudan emakume eder eta goxoa… Zu ez zara hain ederra… gehiago esango nuke, zu zatarra zara!
-Egon zaitez isilik, Simon, eta jarri ezazu orduan eskua berriro begi parean –egin zion deiadar sorgin zaharrak.
Simonek agindutakoa egin zuen eta berriro emakume eder eta goxoa aurkitu zuen. Ez zuen berriro ere inoiz eskua begi paretik kenduko.
Iruzkina uztea