Continue Reading" />

Euria hasi zen eguna

Etiketarik gabe Permalink 0

Euria hasi zen eguna asteartea zen.

Hori badakigu, asteazkenean oraindik atertu egingo zuela uste genuelako.

Ostegunean txantxak hasi ziren.

Ostiralean, kexak.

Eta larunbatean norbaitek esan zuen bizitza osoa zeramala euria egiten.

Beti dago esajerazioetan ibiltzen den norbait.

Hasieran ez zen ezer berezirik gertatu.

Jendeak aterkiak ireki zituen.

Tabernetan kartoiak jarri zituzten sarreran, inork irrist egin ez zezan. Arropa etxe barruan zabaltzen hasi ginen. Txakurrak kaletik bueltatzen ziren, kalera ateratzea ideia txarra izan zela pentsatzen duenaren aurpegiarekin.

Igandean ere euria egin zuen.

Astelehenean ere bai.

Eta asteartean berriro ere.

Bi asteren buruan, eguraldiaren iragarpena begiratzeari utzi genion.

Handik hiru hilabeteetara, haurrek zazpi euri mota bereizten zekiten.

Euri fina.

Euri lodia.

Albotik zetorrena.

Bustitzen ez zuela ematen zuena, baina bustitzen zuena.

Leihoen kontra zarata egiten zuena.

Korrika egitera behartzen zuena.

Eta guztietan okerrena:

Ezer berezirik egiten ez zuena. Erori besterik ez.

Aterkiak ez ziren sekula lehortzen, eta hormek hezetasun usaina hartu zuten.

Halako batean, inork ez zuen jada zehazki gogoratzen noiz hasi zen euria.

Inork ez, Agustinek izan ezik.

Agustinek 89 urte zituen eta arratsaldero taberna aurrean zegoen estalpe baten azpian esertzen zen.

-Asteartea zen -esaten zuen.

Inork ez zion ezer erantzuten.

-Lauak eta hogei ziren.

-Bai, Agustin.

-Lauak eta hogei zehatz-mehatz.

-Baietz.

-Ni hementxe nengoen.

-Hori ere gogoratzen duzu?

Agustinek ingurura begiratu zuen.

-Aulki gehiago zeudela esango nuke. Mahai gehiago.

Eta euriari begira jarraitu zuen.

Urteak igaro ziren.

Ohitu egin ginen.

Plazen gainean estalkiak jarri zituen udalak. Haurrak katiuskekin joaten ziren eskolara, eta eguzkia paperaren izkina batean marrazten zuten gauza hori zela ikasi zuten.

Etxe bateko balkoian, arropa zabaltzeko soka kendu zuten.

Goiz batean, euria egiteari utzi zion.

Halaxe.

Bat-batean.

Abisatu gabe.

Okindegitik irten zen emakume bat izan zen konturatu zen lehena.

Geldi geratu zen.

Gora begiratu zuen.

Eskua luzatu zuen.

Ezer ez.

Minutu gutxiren buruan kalea jendez bete zen.

Tabernaria mahaiak ateratzen hasi zen.

Batzuek aterkiak itxi zituzten.

Beste batzuk ez ziren ausartu.

Orduan hodeiak zabaltzen hasi ziren.

Eta eguzkia agertu zen.

Haur batek amaren atzean ezkutatu zuen aurpegia.

-Begietan min egiten dit.

-Ez begiratu zuzenean eguzkiari.

Haurrak oihuka hasi ziren.

Helduak ere bai, nahiz eta gero batzuek ezetz esan.

Agustin taberna aurreko aulkitik altxatu zen.

Poliki-poliki plazaren erdiraino joan zen, aurpegia altxatu eta begiak itxi zituen.

-Zer, Agustin? Pozik?

Agustinek begiak ireki zituen.

Zerura begiratu zuen.

Gero aterkiari.

Ireki egin zuen.

-Baina zer zabiltza? Ateri dago! -esan zion batek.

-Badaezpada.

Ingurukoek barre egin zuten.

Laurak eta hogeian berriro hasi zen euria.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.