Aitak Dyane 6 urdina itsalabarraen ondoko zelaigune batean aparkatu zuen. Motorra itzali zuenean kotxeak dardarka jarraitu zuen pixka batean. Gero isildu egin zen.
-Hau ere egunen batean konpondu beharko dugu -esan zuen.
-Zer du ba?
-Frantsesa izatea!
-Kotxe frantsesek zer dute ba?
-Alemaniarra balitz! Horiek bai.
-Eta zergatik ez dugu alemaniar bat erosten?
-Zure itsulapikotik emango didazu?
Hori ulertu nuen.
Kotxetik jaitsi nintzenean haizeak atea ia eraman zidan eskutik.
-Kontuz!
Aitak beste aldetik eutsi zion.
-Atea apurtzen bazaigu, ezingo dugu alemaniarra erosi. Ezta frantsesa ere.
Itsasoaren usaina zegoen. Kresalarena. Eta belar moztu berriarena.
Zelaigunean ez zegoen inor.
Harriz betetako belardi bat zen, itsaslabarraren ondoan. Behean olatuak harkaitzen kontra lehertzen ziren. Haizeak belarra alde batera etzaten zuen, eta tarteka kaio bat agertzen zen, hegoak mugitu beharrik gabe airean zintzilik.
Maletategia ireki genuen. Barruan kometa zegoen. Gorria eta urdina. Erdian marra zuri bat.
Aurreko gauean elkarrekin egin genuen.
Tira, nik lagundu egin nion.
Sukaldeko mahaia egunkariz estali genuen. Aitak banbuzko listoiak, kola, guraizeak eta hari-karrete bat atera zituen.
Kolak usain berezia zuen. Hatzetan geratzen zitzaidan, eskuak garbitu ondoren ere.
Gero, poltsikotik, argiaren ordainagiri bat eta arkatz txiki bat atera zituem.
Atzealdean krokis bat marraztu zuen.
-Hau da krokisa.
-Hori kometa da?
-Ez. Itsasontzia.
Begiratu egin nion.
-Kometa da, noski.
Irribarre egin eta eskuarekin ilea harrotu zidan.
Aitak gauza guztietarako egiten omen zituen krokisak.
Ate bat konpontzeko.
Apal bat jartzeko.
Sukaldeko armairu baten barruan zerbait sartzen ez zenean.
Lehenengo, krokisa.
Gero lana.
Amak esaten zion arkitektoa izateko jaioa zela.
Aitak erantzuten zuen arkitektuek ez zekitela torlojuak estutzen. Eta hori zela garrantzitsuena. Torlojuak noraino estutu behar ziren jakitea. Ez gehiegi, ez gutxiegi. Neurrian.
Banbuzko bi listoi gurutzatu zituen.
-Eutsi hemen.
Eutsi nion.
-Horrela?
-Pixka bat gorago.
Listoia mugitu nuen.
-Ez hainbeste.
Lehengo lekuan jarri nuen.
-Orain bai.
Hariari buelta batzuk eman zizkion. Gero korapiloa egin zuen.
-Ondo lotu behar da.
-Zergatik?
-Bestela askatu egiten delako.
-Eta askatzen bada?
-Lurrera eroriko da.
-Eta apurtzen bada?
-Ba beste bat egingo dugu, ezta?
Horrek lasaitu ninduen.
Kola lehortu bitartean kometari begira egon nintzen. Handia iruditzen zitzaidan.
Aitak esan zuen ez zela hain handia.
-Zenbat egingo du hegan?
-Haizeak nahi duena.
-Eta oso gora joango da?
-Ikusiko dugu.
-Hodeietaraino?
-Hodeiak behean badaude, bai.
Leihotik begiratu nuen. Ez zegoen hodeirik. Pena eman zidan. Hurrengo egunean, ordea, zerua hodeiz beteta zegoen.
Horregatik joan ginen itsaslabarrera.
Aitak kometa maletategitik atera zuen. Listoiak begiratu zituen. Korapiloak ere bai. Gero hari-karretea eman zidan.
-Hau zuretzat.
-Eta zuk zer egingo duzu?
-Nik hegan jarriko dut.
-Eta gero?
-Gero gerokoak!
Zelaigunearen erdira joan ginen.
Belarrak orkatilak ukitzen zizkidan, eta haizeak alkandora bizkarrean puzten zidan.
Aitak kometa buru hainetik altxatu zuen.
-Prest?
-Bai.
-Ondo heldu hariari.
Bi eskuekin heldu nion. Haize-bolada bat etorri zen. Aitak kometa askatu zuen. Kometa gorantz joan zen.
Hura urduritasuna tripetan.
Gora egin zuen. Metro batzuk besterik ez. Gero albo batera okertu eta lurrera erori zen.
Aitak jaso zuen.
-Ez du hegan egiten -esan nion penaz.
-Egin du.
-Oso gutxi.
-Aizu, beretzat ere, lehen aldia da. Ikasiko du.
Itsasoari begiratu zion.
Korapilo bat askatu eta berriro lotu zuen.
-Orain bai.
-Ziur?
-Ez.
Beste behin saiatu ginen.
Oraingoan kometak gora egin zuen.
Lehenengo astiro.
Gero azkarrago.
Haria, eskuan nuen hari-karretetik askatzen hasi zen.
-Eutsi!
Eutsi nion.
Haizeak tira egiten zuen.
Nik ere bai.
-Ez hainbeste! -esan zuen aitak.
-Baina joan egingo da!
-Horretarako egin dugu!
Hariari pixka bat ateratzen utzi nion.
Kometak gora egin zuen.
Gorria eta urdina ikusten ziren zeru grisaren kontra.
Aita nire atzean jarri zen eta eskuak nireen gainean jarri zituen. Handiak ziren. Beroak.
-Ikusten?
-Bai.
-Orain zuk bakarrik.
Eskuak kendu zituen.
Kometa airean zegoen. Nik hariari eusten nion.
Horrela egon ginen denbora luzez.
Kometari begira.
Elkarri begira.
Irribarre eginez.
Ez dakit zenbat denbora.
Hariak hatzetan egiten zidan presioa. Haize-bolada bakoitzean gogorrago. Eskuak izerditan nituen, baina ez nuen askatu nahi.
-Gorago joan daiteke? -galdetu nuen.
-Noski.
-Zenbat?
-Haria bukatu arte.
Karretetik hari gehiago askatu nuen.
Kometa txikitzen joan zen.
Gero eta txikiago.
Ia puntutxo bat bihurtu arte.
-Orain ez dut ondo ikusten.
-Hor dago.
-Non?
Aitak hatzarekin seinalatu zuen.
-Hor. Hariaren bestaldean.
Ez nuen ikusten.
Baina hariak tiraka jarraitzen zuen. Beraz, hor zegoen.
Hariaren beste aldean aitak esan bezala.
Bat-batean haize-bolada gogor batek kometa astindu zuen.
Alde batera joan zen.
Gero bestera.
Haria bortizki tenkatu zen.
Nik tira egin nion.
Gogor.
-Ez tiratu! -esan zuen aitak.
-Eroriko da!
-Ba utzi pixka bat!
-Eta joaten bada?
-Ez da joango.
-Nola dakizu?
-Haria helduta duzulako.
Hari gehiago askatu nuen. Kometa gora igo zen berriro. Gero lasaitu egin zen.
Aitak arnasa bota zuen.
Nik ere bai.
-Ikusi duzu?
-Ia galdu dugu.
-Baina ez dugu galdu.
Eskuei begiratu nien.
Hariak marra gorri bat utzi zidan hatz batean.
Azala bero nuen.
Aitari erakutsi nion.
-Min egin dit.
Begiratu zidan.
-Odolik ez.
-Baina min egiten dit.
-Ba beste eskuarekin heldu.
Beste eskuarekin heldu nion.
Isilik egon ginen berriro.
Itsasoari begira.
Kometari begira.
Elkarri begira.
Aitak zigarro bat atera zuen alkandoraren poltsikotik.
Piztu zuen.
Haizeak berehala itzali zion.
Berriro saiatu zen.
Berriro itzali.
Pizgailua poltsikoan gorde zuen.
-Gaur haizeak ez du erretzerik nahi.
Barre egin nuen.
Aitak ere bai.
Haria biltzen hasi ginen. Ez zen erraza izan. Kometak ez zuen jaitsi nahi nonbait.
Pixkanaka hurbildu zen. Handituz joan zen berriro. Azkenean aitak airean harrapatu zuen.
-Kito.
Listoi bat pixka bat okertuta zegoen.
-Apurtu da?
-Ez.
-Baina okertuta dago.
-Etxean konponduko dugu.
Ez nekien sinetsi ala ez. Aitak gauza asko konpontzen zituen.
Beste batzuk ez.
Kometa maletategian sartu genuen.
Kotxera igo aurretik itsasoari begiratu genion.
-Etorriko gara berriro?
-Bai.
-Bihar?
-Bihar ez.
-Etzi?
-Ikusiko dugu.
Hori ez zen baietz. Baina ez zen ezetz ere.
Itzuleran irratia piztu zuen. Kanta bat zegoen. Ez dut gogoratzen zein. Urte askotan saiatu naiz gogoratzen. Batzuetan doinu bat entzun eta hura zela pentsatu dut.
Baina gero ez.
Kotxeak dardara egiten zuen. Aitak bolanteari eusten zion. Ni eserlekuan erdi etzanda nindoan. Nekatuta nengoen.
-Aita?
-Zer?
-Kometa gehiago egin ditzakegu?
-Zenbat nahi dituzu?
-Beste sei.
-Sei?
-Amarentzat bat, anai-arrebentzat bana eta zuretzat!
-Eta zu?
-Nirea maletategian dago.
Lo hartu nuen.
Ez dakit etxera nola iritsi ginen.
Gogoan dut aitak besotan igo ninduela etxera.
Begiak erdi ireki nituen.
-Kometa…
-Maletategian dago.
-Ez ahaztu.
-Ez dut ahaztuko.
Berriro lo hartu nuen.
Urte asko igaro dira.
Ez dakit kometarekin zer gertatu zen. Ez dut gordeta. Ez dakit noiz apurtu zen, edo noiz bota genuen.
Itsaslabarra, ordea, gogoratzen dut.
Inoiz joan izan naiz. Aldatu da. Ez dago belarrik jada.
Ez dut gogoratzen aitak kotxea non aparkatu zuen.
Baina itsasoak hor jarraitzen du.
Haizeak ere bai.
Behin kometa bat ikusi nuen. Haur batek zeraman. Harimere bere aitak laguntzen zion.
Behin eta berriro erortzen zitzaion.
Azkenean aireratu zen.
Aitak zerbait esan zion. Ez nuen entzun.
Haize handia zebilen.
Pixka batean begira geratu nintzen.
Haurrak hari gehiago askatu zuen.
Kometak gorago egin zuen.
Gora eta gora.
Ia ikusten ez zen arte.
Nik ere gora begiratu nuen.
Han zegoen.
Hariaren bestaldean
Iruzkina uztea