-Gure gurasoak ez dira ados egongo gu ezkontzearekin…- Bota du Albak begiak bete-bete egiten zaizkiola.
-Horregatik, hobe dugu lehenengo ezkondu eta gero kontatu, esan dizut. Eta ez arduratu, inoiz ez zaitut utziko. Inoiz ez naiz izan zure amaren gustuko, baina bera, bera da eta zu, zu zara, ezta?
Izaskunek eskuak heldu dizkio eta Albak txistua irentsi du eta irribarre egiten saiatu da. Beldurtuta dago. Parkeko banku batean eseri dira biak. Denbora asko daramate kontu berdinarekin bueltaka. Badakite zirt edo zart egin behar dutela. Halako batean Izaskun altxatu egin da.
-Joan beharra daukat. Oraindik badaukat zeregina!
Alba ere altxatu egin da. Berak ere badu zer egina. Eskua emanda joan dira parkeko sarreraraino.
-Asteburu honetan ezkondu beharko ginateke, zer diozu? Maddaleni gurekin etortzeko eskatuko diogu. Bere anaiak ere berdina egin zuela entzun dut, etxetik ihes eginda gainera. Zer diozu?
Albak irribarrez baietsi du.
Eta asteburua iritsi da. Parkeko sarreran elkartu dira Alba, Izaskun eta Maddalen. Eta eguzkiaren lehen printzekin batera autobus geltokirainoko ibilbidea egin dute, isilik eta urduri, gogotsu. Hantxe daude berokien azpian gordeta. Dardarka. Hotzagatik eta nerbioengatik.
-Zergatik goaz hain goiz?- Galdetu du Albak aharrausi batean bere ahotsa itoz.
-Bizilagunak esan dit elizatik ezkondu nahi ez badugu bake epaileak ezkondu behar gaituela, eta hori ondoko herrian dago, gainera bazkalordurako etxean egon nahi badugu… arroza ekarri duzu?
-Arroza?
-Ezkontza guztietan botatzen dute… ezkondu ondoren, badakizu…
Albak buruarekin ezetz.
-Lasai!
Izaskun petrilera igo eta zuhaitzetik hostoak kentzen hasi da hauek poltsikoan sartuz.
-Hauekin konponduko gara!
-Jaiotze agiria ekarri duzue ezta? – galdetu die Maddalenek. – Eta dirua? Autobuserako…
Albak belauna petrilean jarri eta motxila hanka gainean paratu du barruko eta kanpoko poltsikoak arakatzen dituen bitartean. Izaskunek eta Maddalenek urduri begiratzen diote. Autobusa badator, ez die itxarongo eta hurrengo autobusa oso berandu da.
-Kaka zaharra! Mesanotxeko tiraderan ahaztu dut!
Alba negarrez hasi da. Izaskunek alde egin du marmarka. Gauzak berak nahi duen bezala irteten ez direnean beti joaten da marmarka.
-Datorren asteburuan ezkonduko gara, Izas!!
Egin dio deiadar Albak.
Baina Izaskunek ez dio kasurik egin. Badoa poltsikoetatik hostoak lurrera botaz.
-Berak nahi ez badu ni ezkonduko naiz zurekin, nahi baduzu…
Maddalen Albaren erantzunaren zain dago hau Izaskun urruntzen begira dagoen bitartean.
-Joan beharra daukat, eskola-kirola! Astelehenean jolastorduan hitz egingo dugu, bale? Kanposantu atzeko basoan txabola bat daukat. Han bizi gaitezke.
Albak motxilatik txokolatezko donutsa atera, bi zati egin eta bat Maddaleni eman dio. Kosk egin eta buruarekin baietsi egin dio.
Maddalen ere badoa.
-Astelehenerarte! Gustatuko zaizu kanposantu atzeko txabola!
Iruzkina uztea