Continue Reading" />

Jolastordua

, , Permalink 0

“Xabierrek jolas orduan astindu ederra emango dizu, pasabidean entzun diot”. Horrela ohartarazi nau Jaionek ikasgelara sartu orduko.

Xabierrek jipoitu egingo omen nau. Guztiek dakite ezin diodala aurre egin. Nire lekuan eseri naiz, koadernoa atera eta ireki egin dut. Zer gertatuko ote da gero?

Julenek nire ardura aurpegia ikusi du. Izerdi hotzetan nago. “Lasai, zure atzean nago”.

Maisua klarion bila doa eta urrundu ahala Xabierren begirada nabari dut, bi aizto zorrotzen modura.

“Aurre egin beharko zenioke, dibertigarria litzateke muturreko bat emango bazenio”. Ainara da, nire mahaikidea. Belarrira esan dit.

Bueltatzean ordea, Xabier aurkitu dut aurrez aurre. Ez du jolastordura arte itxaron. Bultza egin dit, eta nik instintiboki bera bultzatu dut, baina bere erantzuna sudurrean jaso dut, muturreko galanta. Denek barre egin dute. Zutitzen hasi naiz dudan duintasun apurrarekin, badakit beste zartada bat etorriko zaidala, baina ez dator. Ez da iritsiko. Nire zentzu guztiak berreskuratzean Julen ikusiko dut. Besoak heltzen dizkio Xabierri paretaren kontra. “Zuk esan, astindu nahi badiozu…” Niri ari zait. Zer egin beharko nuke? “Markel! Markel! Markel!” animatzen naute ikaskideek. Baina ez naiz ausartu, edo ez dut nahi izan. Ez dakit, baina ez dut egin, nire ikaskideen desengainurako.

Irakaslea etorri eta berehala askatu du Julenek Xabier. “Hurrengoan ez eskatu laguntzarik” esan dit Julenek. Xabierrek begiradarekin zulatu nau. Beldurra sentitu dut berriro. Bakarrik sentitu naiz, lehen baino gehiago.

Nire mahaira bueltatzean Jaionek barre egin dit bere ondotik igarotzean, eta mahaira iristean irribarre Ainarak. “Ondo egin duzu” esan dit.

Ez dakit, baina gaur jolastordua baino lehen hasi zait infernua.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.