Continue Reading" />

Goiberriko nirea

Etiketarik gabe Permalink 0

http://goiberri.eus/2020/10/09/gidoigilea-non-da/

Gidoigilea, non da?

Filmetako gidoiak, liburuetako argumentuak, istorioak oro har sortzeko prozesuan ez dago formula magikorik, ez dira matematikak. Ba dira abiapuntuak eta nahita nahiez iragan beharreko hainbat mugarri. Agian ez lehen idazketa batean, baina bai berridazketan, nolabait ezer ahaztu edo pasa ez zaigula egiaztatzeko.

Egin beharreko lehenengo gauza gure pertsonaia aurkeztea da. Gure istorioko protagonista izango dena. Pertsonaia bere konfort-zonan azaldu. Gu geu, edozein izan gaitezke. Jendartea bera bere osotasunean ere izan daiteke, hori bai, fokua antzezle erakargarri batean jarrita. Erakargarri izaera aldetik, nortasunaren ikuspegitik, fisikoki erakargarri izateak ere laguntzen du, jakina. Ni ez naiz orain sartuko zuretzat edo niretzat erakargarri zer den eztabaidatzen, hori beste kontu bat da. 

Baina gatozen pertsonaiak gure istorioaren abiapuntuan duen konfort-zona hori zehaztea. Istorioa non kokatzen den nabarmendu behar izaten da baldin eta hori gure kontakizunean gakoa bada, baina oraingo honetan ez, munduko edozein txokok balio digu. Otsaila da, negua. Lanean gabiltza atzera eta aurrera; zuhurrenak agian aste santuko oporrak prestatzen; beste batzuk etxeko konponketak egiteko aurrekontu bila; milaka aukera desberdin daude, bakoitzak berea. Eta horretan gabiltzala, martxoa, erdialdea. Bat batean zerbait aldatzen da. Egoera goitik bera zapuzten da. Demagun, ez dakit ba nik, horrela pentsatzen jarrita… izurrite bat, pandemia bat. Birus batek hankaz gora jarri du jendartea.  Eskolak ixten dira. Etxean gordetzea behartzen gaituzte. Konfinamendua (zenbat hitz berri ikasi eta erabiltzen ikasi dugun). Asteak joan, asteak etorri, numeroak, zenbakiak eta zifrak gure egunerokotasunean tokia jaten digute. Erosketak erdi ezkutuan, lana etxetik eta gerritik behera biluzik. Pantailak kanpoaldearekin dugun konexio bakarra… eta konturatzerako, nork esango zuen, egoera xelebre berri horretara ohitzen gara. Bi hilabete ondoren, poliki-poliki kalera irteten uzten digute. Orain hau ez, baina hori bai. Ondoren ez zena, baiezkoa da gero. Eta zapla, pandemia kutsakor honek irribarrea aurpegitik ezabatu digu kolpean. Musukoaz ari naiz, begiekin irribarre egin zitekeenik ere, ezta? Ba hori ere ikasi dugu, hori bihurtu da normaltasun berria. 

Gidoigilearen formularen errepasoa. Pertsonaia bere konfort-zonan aurkeztu; konfort-zona hautsi eta konfliktoa sortu; egoera deseroso batean murgildu; eta ondoren egoera bitxi horretara ohitu.

Ondo da, egoera berrira ohitu gara. Musukoak gure ezpainen irribarrea estaltzeari, lagunak ukondoarekin agurtzea, hamar lagun baino gehiago ez batzen… ohitu eta ospatu. Formularen arabera, orain arazoa nolabait gainditu dugunaren sentsazioa etorriko litzateke. Irabazi dugu. Istorioa hasi dugunean genuen konfort-zonarekin ez du zerikusirik, baina ohitu garenez orain ere gure pertsonaia ez dago gaizki, irabazi izanaren pertzepzioa du. Eta… narrazioaren puntu honetan “plot twist-a” edo istorioko bira azalduko litzateke. Zerbaitek, gertakizunen batek, berriro, lortutakoa arriskuan jarriko lukeena. Kutsatze berriak, fokuak han-hemenka, arau hausturak, berriro ere zenbakiak, numeroa eta zifrak; konfinamendu mugatuak han eta hemen, neurri berriak… eta puntu horretan gaude. Gure pertsonaiak zer egin ez daki. Nora jo. Nori egin jaramon. 

Hemendik aurrera zer? Ba gidoigileari galdetu behar, inork ezagutzen badu. Formula zein den nik badakit, baina formula jarraituta ere ez da beti istorio arrakastatsu bat lortzen. Hori bai, behin kontalari bati entzun nion. “Istorioak gaizki amaitzen badira, oraindik amaitu ez diren seinale”. Beraz lasai hartu, ondo amaituko da eta. Eta inork honen guztiaren gidoigilea ezagutzen badu, galdetu diezaiola oraindik asko iraungo ote duen honek, krispeta gehiago erosi ala ez zalantzatan nago.

Iruzkinak itxitak daude.