Continue Reading" />

Goizero jaiki orduko

Etiketarik gabe Permalink 0

Goizero jaiki orduko etxeko leihora irten eta ingurura begiratzeak liluratu egiten nau, eguneko lehen une horretatik, egunetik egunera urte sasoiak aurrera nola doazen ikustea. Udazkeneko ordu aldaketa egiten dugunetik eguzkiak nola itsutzen nauen gari soro segatu berrien gainetik. Nola aldatzen duen egunsentiaren distira, gutxika, goiz esnatzetik oraindik ordu-txiki horretan gaua den arte, oraindik ere ilargiaren argipen langile goiztiarren pausoak gidatuz. Kotoizko lainoak, arrosak, laranjak, milaka koloretako egunsentiak, hegazkin militarren arrasto zuriak… Hostoen erortzeak intuizioz erakusten digu denboraren iragatea, euriak, haizeak, lainoak, izozteak, grisak, zilar koloreak, eguraldi epelen goseak, pauso geldoan, pauso irmoan… urteko une magiko hori iristen den arte, lokartuta egon den izadi horrek eztanda egiten duen arte, udaberria. Udaberriaren eztanda. Lurrak egiten duen bidaia horren lekuko izatea haluzinantea da. Ez naiz nekatzen egunero goizero jaiki orduko etxeko leihora irten eta ingurura begiratzeaz.

Ez, nire etxeko leihotik ez da gari soro segatu berririk ikusten, segatu gabekorik ere ez. Herriko elizaren teilatua daukat parez pare. Izan ere ez naiz leihora irteten, ez dut begiratu ere egiten, baina bihartik aurrera horretan hasiko naiz, goizero jaiki orduko etxeko leihora irteten eta ingurura begiratzen, eta seguraski liluratuko naiz. Baina horretarako tarte bat hartu behar. Denborarik ba al dugu baina horretarako? Zertan galtzen dugu ba denbora?

Bihartik aurrera; gaurko egunsentiak ere ihes egin dit eta.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.