Continue Reading" />

Nire izena X da eta arazo bat daukat

, Permalink 0

Gurditik erortzea bezalakorik ez dago, paraxutarik gabe erortzearen zoramen hori. Hartuko duzun muturrekoa gertu izanda ere, euforia neurrigabekoa da. Jakin beharko nuke, bai. Ez dakit zenbatetan esan behar izan dudan dagoeneko: “Nire izena X da eta arazo bat daukat”. Ez dut gogoratzen zenbatetan zeharkatu ditudan hamabi pauso horien ibilbidea, ez amaieraraino jakina. Behin zazpigarrenera iritsi nintzen, baina beti da zerbait bidetik ateratzen nauena, bidetik botatzen nauena. Beti dago arezko gaztelu bat atzeko leihoan.

Azken honetan hamar astetan eutsi diot. Ez dago gaizki. Ez dago ondo ere ez, baina tira. Gaur egun gogorra izan dut lanean. Nazkagarria. Kontatzen hasita luze joko luke, baina ez dut aitzakiarik jarriko. Etxerako bidean askotan sentitu dudan korapilo hori bera sentitu dut. Guztia kareletik botatzeko gogoa. Baina bihar ere eguna argituko du. Ez nago engantxatuta. Nik edozein momentutan zezenari adarretatik eutsi diezaioket.

Inguruan ibili naiz. Nik badakit non lortu. Nire ikasleetako batek esan zidan, bere ahizpa batek saltzen duela eta non saltzen duen. Urrutitik begiratu dut. Ezaguna naiz inguruan eta edonork ikusita txutxu-mutxuka hasterik ez dut nahi. Jakina, niretzat ez dela esan dezaket, mozorrotu, ileorde berdea jantzi, orkatilarainoko gabardina batean ezkutatu… baina tira, gatozen harira.

Azken finean nire ikaslearen ahizpa honek erosi nahi duen edonori saltzen dio, baldintza bakarra berehala ordaintzea da, ez omen du fidatzen. Kotxea martxan jarri eta gerturatzea erabaki dut. Bera egon ohi den kale kantoitik pasatuko naiz. Galduta nago. Hain erraza ez balitz? Ahizpa hau nire ikaslea baino guapagoa da. Ederra izateak egingo dudanari krimen itxura handiagoa ematen dio. Ikasleak esan didanez, berak jasotako dirua banatzaileari ematen dio, bera mandoa da, saltzaile hutsa. Ez dit eskainiko, eskatu egin behar dut. Edonor da susmagarri inguru honetan. Guztiak gauza berdinera gatoz. Tira, badakit kalte egingo didala, baina zer arraio. Gaurkoa azken aldia izango da. Gaur ere azken aldia izango da. . Duela hamar aste bezala. Duela urte bete bezala. Beti da azken aldia. Kotxetik irten eta lurrera begira, begiak altxatu gabe marmarka eskatu diot:

-Euro bakarra daukat solte… Napolitana bat, txokolate duna, mesedez! Iristen zait?

-Hara! Zu Josuneren irakaslea zara! Esan zidan etorriko zinela! Bi emango dizkizut, bestea gerorako! On egin!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.