
Sukaldean dantza egitea gustatzen zait. Terrazadun etxeak. Gosariak, edozein ordutan. Besarkadak ematen dituen laguna. Iratzargailurik gabeko mundua. Ametsez betetako astelehenak. Zer kontatua duen jendea. Konplexurik gabekoak. Goizaldeko logurea. Gauzak alda daitezkela sinistea. Ardoa elkarbanatzea. Kozinatu bitartean. Esnatzean dagoen isiltasuna. Oheratzean entzuten den bizilagunen iskanbila. Gertu zaudenean. Erratzak nirekin dantza egiten duenean.
Gustatzen zait begiak itxi eta nire azaletik haratago hegan egitea.
Batzuetan ametsetan nagoela esnatzen naiz, baina konturatzen naiz ez nagoela ametsetan, pentsatzen ari naizela. Pentsatu eta amets egitearen arteko desberdintasuna oso sotila da, ikusezina, fikizioa eta errealitatearen arteko diferentziaren parekoa. Fikzioaren osagarri guztiak, gehienak errealitatetik ateratzen ditugu; banan bana, handik bat eta bestea handik jaso eta elkarri itsatsiz sortzen dugu fikziozko Frankenstein erakargarri bat. Ametsa eta pentsamendua desberdintzen duen gakoa kontzientzia ote da?
Horregatik gustatzen zait begiak itxi eta nire azaletik haratago hegan egitea; pentsatuz eta amets eginez.
Iruzkina uztea