Oskar 22 urterekin zendu zen. Umezurtz geratu eta urte bete beranduago. Familia aberats bateko semea, beti izan zuen nahi izan zuen guztia eta nahi izan zuenean; eta guztia, nahi izan zuelako bakar bakarrik. Kito. “Nahi badut, ba dut”. Hori zen bere leloa. Bere bizitzako alderdi guztietan zituen abantailak. Ez noa zerrendatzera denbora galtzea delako, baina pentsatu ezazue edozer eta bai, horretan ere bai. Edo ez? Beno, bale, ez; ikasketetan ez. Oso kalifikazio txarrak jaso izan zituen beti, inoiz mailarik errepikatu behar izan ez bazuen ere. Eta ez, kiroletan ere ez zen oso iaioa, baina tira, izan ere ez zen oso kirol zalea. Baina ez pentsa, hala ere, 18 urteak bete zituenean inguruko eta inguruetatik haratagoko enpresa guztietako ateak zabalik zituen goi mailako “ardura” postuetan “lan” egiteko. Jakina, goi mailako postuak behar zuten, zenbat eta beherago prestakuntza handiagoa eskatzen zutelako. Baina gure Oskarrek ez zuen halakorik aurreikusten bere bizitzarako. Beste plan batzuk zituen. Ikasketak utzi eta berehala, Euskal Herritik alde egin zuen bere ametsetako Manhattanera. 300 metro karratuko apartamentutxo bat erosi zuen Manhattango gunean 80 pisuko etxe orratzeko 80.pisuan. Hura zen hura asebetea. Ez zuen beste askorik behar bizitzan. Hori bai, lau urte beranduago, zabor janarian oinarritutako dieta bati “esker”, Manhatango hiri ezezagunari begira zegoen bere larruzko sofa horretan bideo-jokoetan jolasean jasotako 120 kiloak lagun, 80. solairuko luxuzko terrazatik egin zuen jauzi.
Nahi izan zuena, nahi izan zuenean eta nahi izan zuelako. Edo ez.
Bakar bakarrik.
Kito.
Iruzkina uztea