Continue Reading" />

Harreragilea

Etiketarik gabe Permalink 0

Harreragilea, harrerako arduraduna alegia, harreran zegon, non bestela. Izena, izan badu, baina korapilatsuegia. Ez da ezergatik bereziki, baina aukeran “harreragilea” deitzea nahiago, alferkeriagatik, aitortzen dut.

Karmelo hirurogei urte inguruko gazte bat zen. Ilea urdinduta, betaurrekoak eta duela 10 urte izan zuen ebakuntza baten ondorioz herrena. Harrerara gerturatu zen. 

-Baserriaren aurrealdean palmondoa sartu dut. Dominikar errepublikatik ekarri nuen hazia baina zenbatero ureztatu behar den galdetzea ahaztu zitzaidan. Zuk ba al dakizu?

-Sentitzen dut, Karmelo, atzo ere esan nizun, hau ez da loradenda, hau hotela da.

Marmarka alde egin zuen Karmelok berriro ere. Kanpoaldean hotelari begira zegon Bidaiari batekin gurutzatu zen. Karmelok galdera berdina egin zion bidaiariari, eta honek palmondoek ur gutxi behar zutela erantzun zion Hotel barrura sartuz. Harrerara gerturatu zen.

-Egun on!

-Bai eta zuri ere, zertan lagundu zaitzaket?

-Gelarik ba al duzue?

-Jakina, hau hotela da, eta hoteletan ohikoa da gelak izatea.

-Nola ez… esan nahi dudana da ea gelarik hartu ahal dezakedan…

-Gela hartu? Nora eramateko? Ez-ez, ezinezkoa da hori, gelak ez dira hemendik mugituko.

-Ez naiz ondo azaldu agian, gaua pasatzeko gela bat nahi nukeela…

-Pikaro halakoa! Baina nola liteke? Eta zer egin nahi diozu gelari gaur gauean deabru hori?

-Ene bada, gelarik hutsik ba al duzun?

-Ba ez, gela guztietan oheak, armairuak, telebista, hozkailua…. A, eta wifia! Baina tira, wifia ikusi ez da ikusten…

-Gela bat, gela bat emango al didazu?

-Eman gainera, eman! Azal lodia behar da gero!

-Gela bat nahi dudala, besterik ez!

-Gela bat besterik ez diozu… jakina! Eta hark, eta hango hark ere, kanpoko gizon                         hark… nork ez! Eta Karmelok, palmondoa noiz ureztatu ez dakienak, horrek ere nahiko luke… ezagutu duzu, ezta?

Nazkatuta, bezeroak alde egin zuen, baina atera iritsi baino lehen.

-Bakarkako gela nahi al duzu?

Bezeroak zalantza egin zuen baina buelta eman zuen.

-Barkatu?

-Bakarkakoa nahi duzun?

-Bai, bakarkakoa ondo dago.

-Bai, ezkongabea, banatuta, alarguna zara?

-Baina zuri ze axola zaizu hori? Zergatik hartzen dituzu gauza guztiak txantxetan?

-Hartu? Nik ez dut nirea ez den ezer hartzen, ojokuidau, zu zara gela hartu eta ez dakit nora eta zertara eraman nahi zuena!

-Zurekin ezinezkoa da elkar ulertzea, ezta?

-Badirudi ezetz.

Une horretan gazte bat gerturatu zen, langile bat itxuragatik. Bere buzoarekin zetorren eta bizkarrean motxila bat.

-Babarrun plater bat eta onddoen nahaskia nahi nituzke… badakit goizegi dala agian, baina posible balitz?

Harrerakoak giltza bat eman zion.

-Goiko solairuan, bigarren gela eskuin aldean… 112a!

Gazteak eskerrak emanaz abiatu zen.

Bezeroak hori ikusita oldartu egin zen.

-Beraz horrela behar du? Ondo da! Babarrun plater bat eta onddoen nahaskia nahi nituzke… badakit goizegi dala agian, baina posible balitz?

Harrerakoak bezeroa begiratu zuen atsekabez.

-Ene bada! Nolatan ez didazu lehenago esan? Azken gela eman diot gazte horri… Ai ene…

Iruzkinak itxitak daude.