Txiki txikitatik zuen kaskoan sartuta: dirua eta dirua. Gutxitan gastatzen zuen gurasoek emandako paga litxarrerietan. Maileguan ematen zien lagunei hasieran eta eskatzen zion edonori geroago itzulerarako interesak gehituz. Horrela ba, dirua egiteko bere talentuari tiraka enpresa bat sortu, geroago ezkondu eta lau seme-alabaren aita bihurtu zen.
Baina aita eta senar izatearen “tituluek” ez zetozen bat ordea dirua egitearen negozioarekin. Gutxitan ikusten zituen etxekoak. Beti zebilen hara eta hona, tratua gora eta tratua behera. Egun osoa etxetik kanpo batzuetan, asteak tarteka eta denboraldi luzeagoz behin baino gehiagotan.
Konturatzerako seme alabak etxetik kanpo zeuden. Ezkonduta bata, unibertsitatean beste biak, eta bikotekidea bakardadearen basamortuan galdurik. Ximonen itzalean bizitzen ohituta itzal hori harkaitz astun baten gisa gainera erori zitzaion arte.
Goiz batean, ispilura begiratuta bere ile urdindu eta ximurren arrakaletan erreparatu zuen. Nola zitekeen bizitzak horraino eramatea? Dirua nahi adina baina bizitzarik ez.
Gaueko ordu txikietan Ximon etxeratu zenean, ohetik jaiki eta aurre egin zion. Bere bakardadeaz hitz egin zion, faltan botatzen zuela, horrela ezin zuela jarraitu.
Baliteke aspaldi ez bezala, Ximonek bikotekidearen aurpegian erreparatu zuen, bere edertasunean, urteen arrastoek ederrago egiten zutela pentsatu zuen. Alkandorako botoiak askatuz logelatik irten zen. Itzuli zenean, oso nekatuta zegoela esan zion, biharamunean goiz alde egin beharra zuela hegazkin bat hartuta negozio bilera batera. Hiruzpalau egun barru itzuli eta elkarrizketarekin jarraituko zutela.
“Harritzekoa!” egin zuen oihu.
Esan bezala handik bi egunetara itzuli zen, oso nekatuta zegoela eta ohera sartu zen goizean goiz bilera garrantzitsu bat zuela esanaz. Bakarrik egin zuen lo, bikotekideak semeak jada erabiltzen ez zuen oheratu zen.
Hurrengo egunean, hamaikak aldera, gosaldu ondoren, logelara itzuli eta Ximon ohean jarraitzen zuen.
“Eta? Goizean zenuen bilera hori?”
“Ez nago oso santu, zatoz nirekin…”
“Zer?”
“Bilera hori zurekin zen, zatoz, azalduko dizut”.
Ximonen ondoan ohean eseri zen jakin-minez.
“Gauza bat daukat zuri esateko. Enpresa saltzea erabaki dut. Hori dela eta izan naiz azken bi egunak etxetik kanpo. Nahiago dut enpresa saldu zu galtzea baino. Urteak itsututa bizi izan naiz, diruak itsututa, bada garaia begiak zabaltzeko. Zuk uzten badidazu prest nago bizitzen berrikasteko, hori bai, zure laguntza beharko dut”.
“Ikusiko dut zer egin dezakedan zu laguntzeko” bota zion izarapean murgilduz.