Larburuko Teresarentzat beste egun arrunta bezain aspergarria izango zen hura zeharo aldatu zen, semearen prakak lixagailuarekin erre eta zulo galanta egin zienean. Beti gorroto izan zuen lisatzea, beraz edozein aitzakiari heltzen zion hura bertan behera uzteko. Goiz hartan, lixatzen zegoela, ateko txirrina entzun eta han abiatu zen lixagailua semearen praka dotoreen gainean utzita.
Amazoneko banatzailea zen, bizilaguna etxean ez eta ea paketea bertan utzi zezakeen galdezka. Baiezkoa eman aurretik hartu zuen erre usaina. Ziztu bizian, 88 urteko amona batek hartu dezakeen abiaduran alegia, itzuli zen sukaldera.
-Kaka zaharra! -egin zuen oihu praken zuloa begiratuta.
-Dena ondo, anderea? -galdetu zuen banatzaileak.
-Ba ez, dena gaizki, ezin okerrago!
-Ezertan lagundu bazaitzaket…
Larburuko Teresak praka zulatuak eskuetan zituela ate ondora itzuli zen banatzaileari bere azaña erakusteko.
-Begira, semearen prakak! Bihar ezkontza bat dauka eta lisatzeko eskatu dit! Niri! Zer esango diot nik orain semeari?
Banatzaileak barrerari ezin eutsi eta eztanda egin zuen, bai eta Teresak ere, honek ere ezin izan zion eutsi.
-Zakarrontzirako daude! Ez pentsa adin kontuak direla, beti izan naiz horrelakoa, bere onetik ateratzen zuen nire ezgaitasun honek senarra! Goian bego! -hunkitu egin zen, beti hunkitzen zen senarra zena oroitzen zuen bakoitzean.
-Tira, lasai egon… konponbideren bat egongo da… zera… eta praka berriak erosten badizkiozu?
-Beno, ez da ideia txarra…
-Nahi baduzu, paketea zurean utzi eta trukean erdigunera eramango zaitut nire furgonetan! Hori bai, gero zure kontu itzuli beharko duzu, nik lana daukat!
-Ados! Taxiak zertarako daude ba?
Handik ordubetera, Teresa arropa dendatik praka berriekin irten eta hantxe, bidearen beste aldean, bankuaren ondoan motorra martxan zuela zegoen Audi beltz dotorera gerturatu zen.
Atzeko atea ireki, eta barrura sartuta berriro itxi zuen atea. Horrela esan zion burua jiratuz begiratu zion gidariari.
-Olaberri kalea, hogeita bi, mesedez.
-Baina emakumea, hau ez da…
Bat batean bi morroi Trumpen karetak jantzita irten ziren ondoko bankutik eta kotxearen atzeko partera igo ziren Teresaren ondora.
-Baina nor da atso hau? Zapaldu, goazen hemendik! Jakin al daiteke nondik atera den hau?
Ziztu bizian abiatu zen audi beltz dotorea kalean behera. Hitz egiteko falta zanak berriro galdetu zion Teresari.
-Nire lagunak galdera bat egin dizu, nor zara eta zer egiten duzu gure kotxean?
-Zuen kotxea? -bota zion Teresak. -Ni iritsi naiz lehenengoa taxi honetara, gidariak esango dizu. Eta nire adineko emakume batek merezi duen errespetuaz hitz egiteko eskatzen dizut. Eta kendu mozorro horiek… ze lotsa zuen adinean horrelako jolasetan aritzea!
-Sentitzen dut, anderea, baina hau ez da taxi bat, hau gure, zera, ihesbidea da…
-Ihes? Nondik ihes?
-Gu biok banketxea lapurtzen ari ginen, baina zerbaitek fallo egin zuen. Bertako langileak gure plastikozko pistoletaz barrezka hasi eta alarma sakatu zuten. Ezer gabe irten gara, gu eta gure zoritxarra!
-Eta ni taxi bat zelakoan! Oker hasi dut eguna eta okerrera doa!
-Begira, gauza bat egingo dugu! Hor aurreko autobus geltokian utziko zaitugu. 13. Linea hartzen baduzu etxe ondora eramango zaitu, Olaberri kalean.
-Nik, zuen azalean banengo, ogibidez aldatuko nuke! -eta kotxetik jaitsi zen Teresa.
Hurrengo eguneko egunkariak gertakariaren kronika zekarren, eta kronikaren irudi gisa zekarren irudiak deitu zuen Teresaren atentzioa. Banketxeko kanpoko kamerek jasotako irudi bat zen. Eta argazkian, erdi erdian kotxearen barruan eta kamerari begira bere aurpegia Trumpen mozorroa jantzita zuten bi morroien artean.
-Okertzen den guztia okertu daiteke gehiago beti!
Urrutian, agudo hurbiltzen ari zen polizia-auto baten sirena hotsa entzun zezakeen.
-Eta semea praken bila etorri gabe…