Continue Reading" />

insomnioa

Etiketarik gabe Permalink 0

Begiak ixten ditudan bakoitzean aurpegiak ikusten ditut. Ezagutzen ditut ikusten ditudan aurpegi horiek. Ez dira itzal edo oroitzapen lausoak. Aurpegi osoak dira, tematiak, argitsuak nire betazalen itzalpean. Bata bestearen atzetik agertzen dira, ilaran, inoiz esaten ez duten zerbait esateko zain. Insomnioa.

Hasieran kasualitate hutsa zela pentsatu nuen. Gau txar horietako bat. Garuna oroitzapenak antolatzen. Baina gauak eta aurpegien ilarak errepikatzen jarraitu ziren. Ingeleseko irakaslea. Eskolara eramaten gintuen autobus gidaria. Lehen solairuko bizilaguna. Duela 30 urte trenean ezagutu nuen hura. Lanez aldatu nuenetik ikusi ez dudan lagun hura. Denak agertzen dira betiko ordenean argitasun deserosoan.

Eta okerrena begiratu egiten nautela.

Ez kexa aurpegiarekin; ezta maitasunez ere. Iristen ez den zerbaiten zain daudenen moduan begiratzen naute. Batzuetan ahoa irekitzen dute zerbait esatera joango balira bezala. Beste batzuetan hortxe geratzen dira, loari lekua kenduz.

Aste bete horrela pasa ondoren, kasi begiak bildu gabe, gau batean etxe azpiko tabernara jaistea erabaki nuen. Ez egarri nintzelako. Benetako aurpegi bat aurrez aurre ikusi nahi nuelako baizik. Eta Larak berandu ixten zuen.

Taberna hutsik zegoen ordu horretan dagoeneko. Lara hozkailuak betetzen ari zen, hurrengo egunerako prestatzen. Bere unea da, orduan ikusten zaio lasaien.

-Ez duzu lorik egiten -bota zidan galdera ikurrik gabe.

Aurpegien kontua aipatu nion. Kontatzen nion bitartean kontatzen ari nintzaion hura niretzat ere noraino zen bitxia konturatzen nintzen. Bere aurpegia ere agertzen zitzaidala esan nion. Baina Larak lasai jarraitzen zituen nire hitzak ordu txikietan gauza okerragoak entzun izan dituenaren patxadaz.

-Bitxia -esan zuen.

Edalontziak barran ilara zuzen batean kokatzen zituen bitartean pentsakor geratu zen.

-Behin antzeko zerbait entzun nuela uste dut gaueko irrati saio batean- botatzen hasi zen, -saio arraro horietako batean, badakizu. Psikologo edo sasi psikologo baten esanetan, horren arrazoia aurpegi horien jabeekin zorren bat dugulako gertatzen omen da.

-Zorren bat?

-Bai. Itxi gabe geratu den zerbait. Esan gabeko hitzen bat. Bueltatu gabeko mesederen bat. Erruren bat. Horrelakoak. Ez daki ba nik.

Ez ninduen bat ere lasaitu.

Garagardoari azken tragoa eman eta aterantz abiatu nintzen Larak esandakoari bueltaka.

-Itxoin ezazu pixka baten… -deitu ninduen.

Barruko sukaldean ezkutatu zen une batez eta berehala agertu zen koaderno batekin. Koadernoari bi orri kendu eta eskura eman zizkidan.

-Sasi psikologoak esandakoa egia bazen -bota zidan, -honi aurre eginda nire aurpegia ezabatuko duzu amesgaizto horietatik.

Paperak eskuetatik jaso nizkion. Ordu-arte ordaindu gabe nituenen zerrenda zen. Azken hiru asteetakoa.

-Bihar ordainduko dizut, esku hutsik etorri naiz.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.