Continue Reading" />

Xanti Zintzarri

Etiketarik gabe Permalink 0

Norbaitek zintzarri bakarti hura entzun zuen lehen aldi hartan, ardi galdu bat zela pentsatu zuen.

Urrunetik zetorren hotsa, laino eta lanbro artetik. Tintin-hots motel bat, ardia noraezean ibiliko balitz bezala. Haren bila abiatu zen, baina larreetara iritsi zenean ez zen ardirik ageri. Zintzarria, ordea, urruntzen ari zen berriro, mendi aldera.

Inguruko artzainek zintzarri hura Xantirena zela zioten.

Aspaldiko kontua omen da.

Garai hartan mendiak artaldez beteta zeuden, eta zintzarri hotsak airean zebiltzan goizaldetik iluntzera. Baten bat galtzea ez zen arraroa. Ohikoa ere bazen kasi: hausten zen uhalen bat, sasi artean katigatzen zen ardiren bat… eta zintzarria hantxe geratzen zen, lurrean, ahaztuta.

Horregatik artzainek bazuten ohitura bat. Norbaitek zintzarria aurkitzen bazuen eta bere jabeari bueltatuz gero, honek pezeta bat ematen zion sari gisa haren truke.

Xantik fondan entzuten zizkien kontu haiek artzainei, gurasoen etxean basoerdi bat hartzera biltzen zirenean. Mutikoa azkarra zen, eta berehala erreparatu zion negozio txiki hari.

Hurrengo goizean zintzarri bat eraman zion artzain bati.

-Hau zurea al da? -galdetu zion.

Artzainak zintzarria begiratu, poltsikotik pezeta atera eta eskerrak eman zizkion.

Hurrengo goizean beste bat eraman zion beste artalde bateko artzainari.

-Axeri beltz errekaren ondoan aurkitu dut -bota zion hari.

Hurrengoan beste bat, eta gero beste bat. Artzainek pezeta ematen zioten eta Xanti zortea izan zuenaren patxadaz itzultzen zen.

Baina artzainak ez ziren inozoak. Aurkitutako zintzarri gehiegi; irabazitako txanpon gehiegi.

Lezio bat eman behar ziotela erabaki zuten.

Goiz batean artaldeak zintzarririk gabe atera zituzten larretara. Bat bera ere ez. Mendiak arraro zeuden, mutu.

Egun hartan Xanti ez zen agertu.

Arratsean, artzainak fondan bildu zirenean, Xanti ikusi zuten erratza pasatzen.

-Hara gure zintzarri biltzailea! -bota zioten. -Gaur ez duzu zintzarririk aurkitu? Guztiak desagertu dira!

Xantik buruarekin ezetz esan zuen.

Orduan, artzain zaharrenak tratu bat proposatu zion.

-Galdutako zintzarri guztiak berreskuratzen badituzu, urte osorako gazta, esne eta arkume izango dituzue etxean.

Xantiri begiek dirdira egin zioten. Eta jakina, erronka onartu zuen.

Baina zintzarririk ez zen agertu.

Eta handik aurrera, diotenez, Xanti mendietan barrena dabil haien bila.

Zintzarri bakar bat aurkitu omen zuen, eta hura lepora lotu zuen beste zintzarriak nolabait erakarriko zituelakoan.

Horregatik, noizbehinka zintzarri hots bakarti bat entzuten bada ardirik ez dagoen larre edo basoetan ez pentsatu haizea denik.

Baliteke Xanti izatea.

Eta bidean topo eginez gero, eskaini mokadutxo bat: ogi zatiren bat, gazta puska bat… edo eskaini pezeta bat.

Inguruko artzainek diote haraneko zintzarri guztiak aurkitu arte ez dio bilatzeari utziko

Ordutik Xanti Zintzarri esaten diote.

Izan ere, zintzarri hura entzuten den tokietan, ardirik ez da inoiz galtzen.

Baina nork daki egia!

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.