Pinguinoak kristalaren beste aldean.
-Bizirik daude guztiak, ezta?
-Baietz esango nuke. Baten bat lo agian? Zutik ere lo egiten dutela uste dut.
-Eta zer egiten dute egun osoan? Lo ez daudenean esan nahi dut…
-Batetik bestera ibili, uretan igeri egin… oso igerilari onak dira. Arraina jan, osoak, pieza batean jaten dituzte, irentsi, zlup! Ez da bizitza txarra! Behar duten guztia hortxe daukate.
-Zertan pentsatzen ote dute?
-Ba ezer asko ez… asko jota janarian, jolasa, sexua, estalketa garaia bada, jakina.
-Zuk uste begira egotea molestatzen diela?
-Keba! Oso sinpleak dira. Ez dute guk dugun espazioaren zentzua, pribatutasunaren zentzua.
-Ni aspertu egingo nintzateke. Ez dira aspertzen?
-Aspertu? Ez dira gu bezain konplexuak. Beraien beharrak oso oinarrizkoak dira. Gu bezalakoak balira hau espetxea litzateke beraientzat. Baina ez daukate horrelakorik pentsatzeko gaitasunik.
-Beste nonbait izan dira inoiz? Hemendik kanpo esan nahi dut…
-Esango nuke ezetz.
-Gogorra da, baina aizu, animaliak besterik ez dira, ezta?
-Begira hango haiek… kar, kar, kar… guri begira daudela esan liteke…
*********************************************************
-Zergatik begiratzen gaituzte? Begiak zabal zabalik… ze desberdinak diren, ezta? Ez dute mokorik, ez dute hegalik… eta zenbat garrasi, ezta? Zergatik egiten dute garrasi?
-Jakizu! Bizirik daudela sinisteko!
-Eta zer egiten dute egun osoan? Hona etortzen ez direnean esan nahi dut…
-Batetik bestera ibili seguraski. Oinez egun osoan. Korrika batzuetan. Beti pauso azkarrean. Beti presaka, hori entzun dut. Jan ere agud, dastatu gabe, edan zurrutaka… dena presaka, ez nuke nahi niretzat!
– Zer pentsatzen ote dute?
-Ba ezer asko ez… asko jota janarian, jolasa, sexua, estalketa garaia bada, jakina.
-Zuk uste begira egotea molestatzen diela?
-Keba! Oso sinpleak dira. Baten batek dena antolatzen die eta agindutakoa jarraitzea besterik ez dute egin behar. Marraztutako arrastoa jarriatu, kito!
-Ni aspertu egingo nintzateke. Ez dira aspertzen?
-Aspertu? Ez dira gu bezain konplexuak. Beraien beharrak oso oinarrizkoak dira. Gu bezalakoak balira bizi, bizitza gu bezala aprobetxatuko lukete. Baina ez daukate horrelakorik pentsatzeko gaitasunik. Agindutako bete eta kito! Arauak hausteko ausardiarik ez dute.
-Beste nonbait izan dira inoiz? Hemendik kanpo esan nahi dut…
-Bai… bufff… Zuak-zuak-ek kontatu zuen! Diotenez bere amonaren amonak behin ihes egin zuen, eta toki beldurgarri hori ikusi omen zuen. Hiria.
-Egia al da kontatzen dutena? Gure arbaso haren kontua?
-Jakizu! Kondaira bat da, eta badakizu kondairak… zaila egiten zait sinestea hemendik kanpo gure modukorik bizi denik. Ez dakit, ni hemen jaiotakoa naiz, eta nire gurasoak eta nire gurasoen gurasoak…
-Hor jarraitzen dute, begira…
-Gogorra da, baina aizu, gizakiak besterik ez dira, ezta?
-Begira bi haiek… kar, kar, kar… guri begira daudela esan liteke…
Iruzkina uztea