Negua garai gordina zen, latza, gogorra, zorrotza. Negu gorria. Edo beltza. Edo zuria. Tira, bai, zuria esango nuke nik. Maindire batek estaltzen zituen erreka ondoko lurrak. Erreka bera kristalezkoa bihurtzen zuen negu hotzak. Inguruko zaldi basatiak nora ezean zebiltzan. Batetik bestera. Jan bila, edari bila. Baina ez belarrik ez eta urik ere. Guztia gorde zuen beretzat negu kupidagabeak.
Baina iritsi bezala joan zen negua, eta maindire zuria desagertu zen, eta kristalezko erreka mugitzen hasi zen, eta zaldiek zer jana eta zer edana aurkitu zuten. Guztiek, elur zuri kolorea zuen batek izan ezik. Besteek baztertu egiten zuten, negua gogora arazten zielako. Hark ere, ordea, gosea zuen. Eta halako grinaz jan eta edan zuen besteen ezkutuan, konturatu gabe bere itzala ere irentsi zuela, zurrupatu. Baina zaldi zuriak neguaren berekoikeriaz zekien bezala, ezagutzen zuen eguzkiaren eskuzabaltasuna. Eta bazekien, hurrengo goizeko izpiekin batera, eguzkiak itzal berri bat oparituko ziola.
Iruzkina uztea