Continue Reading" />

Amets eta ni… a, eta Lur

, , Permalink 0

Ametsek bizkarra ematen zidan, saihestu, ekidin, itzuri; euria ari duenean eta aterkirik ez duzunean bezala. Alferrik zen, igerilekura bainujantzirik gabe joatea bezala.

Lur Ametsen bikotea da. Likrazko praka batzuk bezala itsasten da bere azalera, baina Lur ez da ni bezain zorrotza. Ez du Amets ni bezainbeste ezagutzen. Bai, egia da, Lurrek Hollywoodeko izar eder ospetsu horietako baten antza du, baina hain da ergela… duela milloika mende eztanda egin zuen planeta ñimiño baten antzekoa da, eztandaren argia oraindik ez da gurera iritsi eta zalantzan dago iritsiko denik ere.

Ni banintz Ametsen bikote… nik zainduko nuke, eta berak ni jakina. Koltxoien azpian ilarra nabari zuen printzesa hura bezain sentibera da. Eta naiz. Nik ere ilarra sentitzen dut, tira ez da ilarra, malgukia da. Gurasoei aspaldi esan diet koltxoi berria behar dudala, baina aukeran eman didate: Koltxoia edo ikas-bidaia. Nik nire aldetik zerbait jarri beharko dudala, eta hura, eta bestea… Baina ikas-bidaia ezin dut utzi. Lur konkistatzeko aukera bakarra da. Amets berezia da. Hitz egiten duen igela bezain beste, larruzko eserlekuak eta limoi uraz dabilen kotxea… adibideekin ez dut jarraituko, ezta?

Amets baino haratago ez dago ezer. Arrain bat daukat etxean eta hari ere Amets izena jarri diot. Globo bat banu hari ere Amets deituko nioke.

Lurrekin ikusten dudan bakoitzean… odola irakiten jartzen zait, txistua ere aho zuloraino etortzen zait eta llamen antzera botatzeko nagoenean balaztei eragiten diet. Horrelakoetan aspaldiko garaiak botatzen ditut faltan. Dueluak ospatzen ziren garai haiek. Bakoitzak bere pistola. Bizkarra eman eta pausoak zenbatu. Hamar arte. Tira. Ez dakit. Ez naiz oso punteria finekoa. Baina orain nabilen bezala ibiltzea ere.

Horrela ba, nik neure estrategia jarri dut martxan. Ideia zoragarria izan dut. Hemendik gutxira Ametsek Lur nik ikusten dudan moduan ikusiko du. Udako egun bero horietako batean lerdea darion Rottweiler bat bezala. Nazkagarri, goseti…bgggzzz… pentsatuta bakarrik…

Hasierako plana Twiterren kontu bat irekitzea zen, perfil faltsu batekin, Lurren perfil faltsuarekin. Bertan Ametsi buruz gauza desatseginak esango nitue, hemen ere errepikatu ezin diren gauzak. Ondoren beste kontu bat irekiko nuen, benetakoa, nire izenean. Eta Ametsi txioak bidaliko nizkion Lurrek berari buruz esan dituenak (ditudanak), salatuz. Plana borobila zen.

Baina  hanka sartu dut. Kaka egin dut. Lehen txioa bidali dut, bai, baina kontuak nahastu ditut, eta batean bidali beharrekoa bestean bidali dut eta alderantziz.

Orain Ametsek ez du nirekin hitz egin nahi, desastre bat. Egia esan “deja vu” bat. Izan ere, lehen ere Ametsek inoiz ez du nirekin hitz egin. Ez nau ezagutzen. Ezagutuko banindu sikiera… Orain nire itxaropen bakarra Ametsek DBHko laugarren maila hiru urtetan errepikatzea da. Hiru urte horietan ni ere DBHko laugarren mailara iritsiko naiz,  gela berdinean izango gara. Ikas-bidaia elkarrekin egingo dugu beraz. Espero. Bestela hiru urte hauek koltxoiaren malgukia nire bizkarrean iltzatuta jasatea alferrikako sufrimentua izango da.

Iruskinik gabe

Iruzkina uztea

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.


*

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.