Continue Reading" />

Metal hotsak

Etiketarik gabe Permalink 0

Ohean biraka hasi nintzen nire maitearen ondoraino, besoa bere gerrira lotuaz, baina beldurtuta ohetik jauzi egin nuen. Bere gorputza zurrun zegoen, hotza.

-Zer duzu? -galdetu zidan.

-Zu zara?

Leihotik sartzen ziren eguzkiaren goizeko lehen izpiek distira egiten zuten ohean etzanda zegoen robotaren azal metalikoan.

-Non da nire bikotea?

-Hementxe, gure ohean, betirako zure ondoan. -esan zuen besoa niregana luzatuz -Zatoz ohea, tira, oraindik goiz da… jolas egin dezakegu… -esan zidan keinu eginaz.

Sinetsi ezinda atzera egin nuen logelako hormaren kontra jarri arte.

-Hau ez dago ondo, ez da benetakoa…

Robota jaiki eta niregana etorri zen.

-Jakina benetako naizela. Ni naiz benetakoa, ez orain artekoa. Beti esan nahi izan dizut.

-Eta zergatik orain?

-Nekatuta nago ezkutatzeaz. Beti harritu zaitu ni hain indartsua izatea, azkarragoa, biziagoa… nekaezina… -besoarekin beste besoa kolpatu zuen metal hots hutsa sortuz. -…hau da arrazoia!

-Baina zure azala leuna zen, epela. Besarkatu izan zaitudanean zure bihotz taupadak ere entzun izan ditut!

Armairua ireki eta latexeko azal itxurako osoko jantzi  bat atera zuen, botoi bati eragin eta logela guztian bihotz taupadak entzun ziren argitxo gorri batek dirdir egiten zuen bitartean.

-Baina zergatik gaur, orain?

-Laborategian besteak nola begiratzen dituzun ikusi izan dut. Besteen bikoteak zahartu egingo dira, azala zimurtuko zaie, begiak lausotu, pausoa mantsotu… ni beti horrelakoa izango naizela zuk jakitea nahi nuen. Betikorobots Laborategietan lanean hasi zinenetik maitatu zaitut, baina naizenagatik maitatzea nahi dut.

Irribarreak ihes egin zidan, barre egin nuen, algaraka amaitu nuen.

-Zer da hain barregarria?

Nire bular azpiko pekatxoa erakin eta sabelean panel bat agertu zen azal azpitik.

-Betikorobots Laborategiko lehen prototipoa naiz. Biak gara robotak. Zalantzarik gabe zu azken modeloa zara; indartsuagoa, azkarragoa… eta askoz sexiagoa!

Irribarre egin zuen, besotan hartu eta berriro ohera eraman ninduen.

-Zatoz ohera, tira, oraindik goiz da… jolas egin dezakegu… gure metalezko gorputzak igurtziz txinpartak aterako dira!

-Banekin gu bion artean erakarpen berezia zegoela…

-Emadazu muxu bat… metalezko muxua…

-Badakizu? Diotenez gizakien muxuek zaporea dute!

-Bai? Benetan?

 

 

Iruzkinak itxitak daude.