Continue Reading" />

Mediku azterketa

Etiketarik gabe Permalink 0

Itxuran, 29 urteko baten birikak dauzkat, gorputza 49 urteko batena eta burua… tira, bost axola buruak. A, eta hotsak egiten edo ateratzen hasita nago. Zahar hotsak, lehen agureek bakarrik ateratzen zituztela uste zenuen horiek, orain nik ateratzen ditut, eta ez naiz agurea, gaztea naiz. Makurtzen naizenean, edo hobeto esanda, jaikitzen naizenean. Bai, badakizue zertaz ari naizen…”uuuufff…” batekin hasten diren hots horiek, ondoren eztulean amaitzen dutenak. Horrela hasten naizenean, medikura joan eta azterketa egiteko ordua izaten da. Medikura sartu eta zuk, pazienteak, biktimak, bezeroak, medikuek esango duten guztia entzun nahian sartu eta ezer ulertu gabe irteteko beldurra duzu. Sartu eta aurrekoaren txostena zirriborro ulertezin batean islatzen ari den bitartean esertzeko agintzen dizu aurpegira begiratu ere egin gabe.

Erizainak putz egiteko eskatzen, agintzen dizu. Indarra hartu eta erizaina txunditu nahian barruan duzun azken hatsaraino egiten duzu putz.  Orduan esaten dizu “29 urteko baten birikak dauzkazu!” eta egindako ahaleginagatik zure aurpegiak hartu duen gorri koloreak estaltzen dizu lotsaren lotsa.

Ondoren etzateko. Arropa kendu eta etzateko ipurdia bistan uzten dizun bata berde triste hori jantzita. Txikia banaiz ere hankak zintzilik geratzen zaizkizun esku-ohe batean etzan behar duzu. Babes moduan jarri dion paper horrek ez du nahikoa babesten eta etzan ahala, zure bizkarra eskai moduko horri itsasten hasten da. Behin etzanda zaudenean, zain egon dela dirudi, erizaina buelta eman eta eroso al zauden galdetzen du. Erantzun zuzena ez bada, zergatik erantzuten diogu galdera horri beti baiezko batekin? Berak badaki ez zaudela eroso. Zuk badakizu ez zaudela eroso. Hala ere galdera egiten dizu eta zuk baietz erantzuten duzu. Berak badaki gezurra dela… orduan zergatik galdetzen du? Telebista saioetako gezur detektatzaile horietako bat banu zarataka lehertuko litzateke une horretan.

Tira, baina etzanda nago. Orain jantzi berri dudan ipurdia bistan uzten duen bata berde triste hori kentzeko unea iritsi da. Alanbreak, klipak, txaplata itsaskorrak… batean eta bestean. Urtero aurreko urtean baino gehiago jartzen dizkidala pentsatzen dut. Erizainak ezetz dio, beti berdinak. Nik ezetz. Horretan uzten dugu.

Koloretako kable kodifikatu bat makina bati lotuta nire barruko lurrikararen seismoak jaso nahian. Txaplata kabledun horietako bana hanka bakoitzean, beste bana eskumutur bakoitzean. Bular aldean beste lau, bat eskuin aldean eta hiru ezkerrekoan… bihotzak taupada egiten ote duen zelatan. Egingo ez du ba? Bestela ez nengoke han, ezta? Eta egoera horretan ezustean harrapatu nau ateraldia. “Bular-alde ederra duzu!” Nire erantzuna eztula egitea berriz. “Barkatu!” nik. Nire pultsuak abiadura hartzen duela nabaritu dut. Zer erantzun bestela? Oldartu egin naiz ordea. “Nire bularra atsegin duzula esan duzu?” Urduriago jarri naiz zein erantzun jasoko ote dudan zain. Erizainarekin ligatzeko leku aproposena ez da, hantxe eskai beltzeko esku-ohe batean etzanda, berde triste koloreko batatxoa jantzita, goitik behera kablez josita… “Zergatik esan didazu hori?” Erantzuna bat batekoa. “Ba ile gehiegi ez duzulako, eta horrek txaplatak hobeto itsastea ahalbidetzen duelako eta irakurketa zehatzagoa ematen duelako!” “oh!” irten zait dezepzioaren neurria gehiegi nabari ez zedin arduratuta.

Hortik aurrerakoak isiltasunean. Hasterako amaitu da guztia. Denbora gehiago pasa dut txaplatek utzi didaten krema itsaskor likatsua kentzen nire barruko seismoen neurgailuak bere lanak egitea baino.

Hurrengoa odol analisia. Gorri kolore iluneko hiru ontzi. Xiringak zurrut egiten bitartean isiltasun gordina. Odola zainetatik ontzitxoetara. Zurrup, zurrup eta zurrup.

Eta azkenik tentsioa. Bikain. Harrigarria egoera horretan, baina bikain.

Mediku azterketa amaituta. Guztia zoragarri. Jantzi eta etxera nire 29 urteko gazte baten birikekin.

Aste bete beranduago…

Postontzian gutuna. Ez dira iragarkiak, ez dira bankuko kontuak… gutun-azalak argi dio pribatua eta konfidentziala.

Bi aldiz irakurtzen duzun gutun horietako bat. Lehena eskaner azkar batean eta hurrengoa arreta handiagoz. Badakizue zer diodan.

Begiak gutunean zehar mugitzen dira gora eta behera, ezker eta eskuin. Informazio azkarraren bila, guztia laburbilduko zuen esaldi horren bila.

Hauxe nire begiek aukeratu eta arduratzen gaituen esaldi bakarra.

“…arduratzeko ezer ez bada ere.” Hurrengo urte arte ba.

 

 

Iruzkinak itxitak daude.